Nafarroa erdi eta hegoaldean euskarak arnasa har dezan, ezinbestekoak dira zenbait eragile: ikastolak, Sortzen, AEK eta Agerraldia. Bada, laurek elkarlanean aurkeztu dute Errigoraren aurtengo Euskarari puzka kanpaina, Iruñean.
Haien esanetan, lanean jarrai dezaten, nahitaezkoa dute Euskal Herriaren luze-zabaleko euskaltzaleen abaroa. Horretarako antolatu dute kanpaina. Urtero legez, hiru saski egongo dira aukeran: beltza, berdea eta gorria. Saskien salmentatik ateratako diruaren laurdena Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzan erabiliko dute.
Jada erosgai daude www.errigora.eus webgunean. Antolatzaileen arabera, horixe da eskaerak egiteko biderik «eraginkorrena eta sinpleena»; alta, aukera egongo da eskuorrien bidez eskaera egiteko ere: «Badakigu hainbatek zailtasunak izan ditzaketela Internet bidez eskaerak egiteko edo nahiago izango dutela ohiko bideak erabiltzea, eta, beraz, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia betez ere egin daitezke eskaerak. Eskaera hauek herrietako arduradunari emanda erregistratu daitezke».
Azaroaren 13ra arte eska daitezke saskiak, eta eskatzaileek azaroaren amaieran edo abenduaren hasieran jasoko dituzte saskiak.