Jaizkibeleko kapitainak eta kide batek alardean jasandako erasoak salatu ditu konpainiak

Konpromisoa hartu du Hondarribiko alardearen gatazkan «konponbiderako orria berriz marrazteko». Udalari, Gipuzkoako Aldundiari eta Jaurlaritzari egotzi die alarde baztertzaileari legea urratzeko modua ematea.

Jaizkibel konpainiaren aurtengo desfilea, erakundeen ordezkarien aurretik pasatzean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Jaizkibel konpainiaren aurtengo desfilea, erakundeen ordezkarien aurretik pasatzean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2025eko urriaren 9a
12:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hondarribiko alardearen inguruko gatazkan bortizkeria nabarmen apaldu da azken urteetan, baina ez da guztiz desagertu. Jaizkibel konpainia parekideak salatu du Nora Ferreira kapitainari eraso egin ziotela bere etxeko atarian alarde egunaren aurretik, eta irailaren 8an bertan konpainiako beste kide bati eta haren lagunei «eraso fisikoak eta hitzezkoak» egin zizkietela. Babes osoa adierazi die Jaizkibelek denei: «Hartu nahiko lituzketen bideetan lagun izango gaituzte». Aldiz, konpainia parekidea «harro» agertu da bere kideek erakutsitako jarreraz: «Irmotasuna, errespetua eta duintasuna».

Irailaren 8an jasotako babesarekin hunkituta daude Jaizkibeleko kideak, baina, alarde egunetik hilabetera igorritako balorazio oharrean, erakunde publikoekiko haserrea ere ez dute ezkutatu. Alardea antolatzen duen HAOSE elkartearen jarduna legitimatzea egotzi die. Izan ere, alarde egunean espazio publikoaren erabilera arautzeko alkate dekretuaren arabera, desfileen aurretik Gernikako Arbola zelaidian bat egin behar zuten Jaizkibelek eta konpainia baztertzaileek; hori ez betetzeko, ordea, HAOSEk beste lau tokitan elkartzeko eta manifestazio gisa abiatzeko baimena eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari. «Ertzaintzaren baimenpean, alkate dekretua ez dute bete», adierazi du Jaizkibelek. Eta Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Aldundiari eta Jaurlaritzari mintzatu zaie: «Sentimenduak ez daude eskubideen gainetik. Aurtengo irailaren 8an, legeak ez betetzeko bermea eman diete HAOSEkoei, bai manifestazio baimena emanez, bai haien desfileari harrera eginez».

12.000

 

Palestinaren aldeko kanpainan lortutako dirua. Palestinari elkartasuna adierazteko eta Gazako genozidioa salatzeko kanpaina egin du Jaizkibelek aurtengo jaietan. Irailaren 8an kufijarekin desfilatzeko deia egin zuen, eta propio Zisjordanian egindako zapi koloretsuak salgai jarri zituen. Pozik agertu da emaitzekin, eta berretsi du 12.000 euroren irabaziak Palestinara bideratuko dituztela.

Alarde egunean eta gerora Igor Enparan alkateak egindako adierazpenak ere «sinestezinak» iruditu zaizkio konpainia parekideari. Dekretua «erdizka» bete zela esan zuen, HAOSEko kantinera eta zaldun gutxi batzuk agertu zirelako, eta «elkartzeko keinuak» izan zirela. Jaizkibelek gogora ekarri du aurten irailaren 7an udalbatzak herriari aurreskua dantzatzen dion ekitaldian parte hartu zuela konpainia parekideak lehen aldiz ofizialki, eta, hain justu Jaizkibeleko kideak zihoazelako, konpainia baztertzaileak ez zirela bertara agertu. «Nola esan daiteke tentsioa arintzeko denok gure aldetik jarri dugula, irailaren 7ko aurreskuan udal korporazio osoa legitimatu zuen konpainia bakarra Jaizkibel izan bazen? Espazioei eta batasun guneei uko egitea ez da tentsioa arintzea, hautsa alfonbraren azpian gordetzeak etxea garbitzen ez duen moduan».

Konponbiderako orria

Irailaren 7ko ekitaldian parte hartzeko aukera izatea txalotu du Jaizkibelek, eta «halako espazio gehiagotan egoteko borondatea» iragarri. Dena den, gatazkaren konponbidera begira jartzeko asmoa berretsi du konpainiak: «Konponbiderako orria berriz ere marrazteko lanetan jarriko gara, herriaren diagnostiko batetik abiatuta, aurrera begira zer estrategia har ditzakegun identifikatuz».

«Argi dugu 'elkarbizitzaren garaia' amaitzen ari dela eta 'eskubideen garaia' hasten. Hori da gure ibilbidearen oinarria»

JAIZKIBEL KONPAINIA

Bide horretan, beste eragileekin hitz egiten jarraituko dute: «Herri honetan jai parekideak nahi ditugunen artean elkarrizketa guneak eta estrategia partekatuak diseinatzea dagokigula uste dugu». Eta paradigma aldaketa baten premia nabarmendu dute balorazioa biribiltzeko: «Argi dugu 'elkarbizitzaren garaia' amaitzen ari dela eta 'eskubideen garaia' hasten. Hori da gure ibilbidearen oinarria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.