«Estrategia aldatzeko» eskatu dio Jaizkibel konpainiak Hondarribiko Udalari

Mila lagun inguruk parte hartu dute Jaizkibelen desfilean. Konpainia parekideak udal dekretua bete du, eta adierazitako orduan agertu da Gernikako Arbolan, baina alarde baztertzaileko zaldun eta kantinera batzuk baino ez ziren ordurako.

Jaizkibel konpainiaren desfilea gaur, Hondarribian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Jaizkibel konpainiaren desfilea gaur, Hondarribian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Irati Urdalleta Lete - Isabel Jaurena
Hondarribia
2025eko irailaren 8a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txaloak eta irrintziak bai, baina keinu itsusiak ere bai. Jaizkibel konpainiako mila lagunek baino gehiagok Hondarribiko (Gipuzkoa) Kale Nagusian gora eta behera desfilatu dute giro onean gaur goizean. Urtero bezala, alardetik aparte aritu dira gaur ere, eta aurten ere jasan behar izan dituzte emakumeak alardean nahi ez dituztenen keinu deitoragarriak: iazko moduan, konpainia baztertzaileak ez dira agertu Gernikako Arbolara desfilea baino lehen, udalaren dekretuak propio hala agindu arren; Jaizkibelekin bat egitea saihestu dute horrela. Keinu horiekin nekatuta, Jaizkibelek «estrategia aldatzeko» eta pauso ausartagoak emateko eskatu dio udalari.

Bigarren urtez, konpainia gisa desfilatu du Jaizkibelek. Alkatearen dekretuak adierazi bezala, Gernikako Arbola zelaiditik abiatuta egin behar zuen Kale Nagusirako bidea, baina horrek berekin zekarren konpainia parekidea eta baztertzaileak bertan elkartzea. Iaz alarde baztertzaileko kideak ez ziren agertu, eta aurten propio jarri zioten helegitea dekretuaren puntu horri. Epaileak errekurtsoa atzera bota ostean, ikuskizun zen dekretua beteko ote zuten, baina muzin egin diote: zaldun eta kantinera batzuk baino ez dira bertan izan agindutako orduan, 07:00etatik 07:55era arte. 05:30ean bildu dira konpainia baztertzaileak, eta, antza, epaileak jarritako ordutegia ez betetzea erabaki dute.

Jaizkibelek, berriz, bete egin du dekretua, eta han izan da 07:45ean. Nora Ferreira Jaizkibelen kapitainak hartu du hitza: salatu du alarde baztertzaileak ez duela bete dekretua, eta nabarmendu Jaizkibelek gero eta babes handiagoa jasotzen duela. «Gora Jaizkibel! Gora emakumeak alardean!», egin du oihu, eta 08:00etan abiatu da desfile parekidea, alarde baztertzaileko gizon gutxi batzuk ertzetatik txaloka zituela.

Oro har, giro bikaina izan da Kale Nagusian: txaloak eta emakumeen parte hartzearen aldeko aldarriak izan dituzte lagun Jaizkibelekoek. Baina, 2025ean egonagatik ere, oraindik izan dira bizkarra eman dioten emakumeak espaloietan. Eliza parean zain izan ditu konpainia parekideak ordezkari instituzional nagusiak: Igor Enparan alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Ines Ibañez de Maeztu jarduneko arartekoa, besteak beste. Hara iristean, Ferreirak gutun bat eman dio alkateari: «Estrategia aldatzeko» eskatu diote.

eliza ataria
Ordezkari politikoak elizaren atarian Jaizkibeli harrera egiten, gaur goizeko desfilean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Bizkarrak bizkar, babes itzela jaso du Jaizkibelek gaur. Arma plazara iristean konpainia parekidearen tamaina ikusi ahal izan da: erraldoia da; ia mila pertsonak desfilatu dute, eta arratsaldeko saioan mila baino gehiago espero dituzte. Begirada konplizeak, irribarreak, ahizpatasuna. Hori guztia ere bada Jaizkibel. Irrintzi artean egin dute Kale Nagusian beherako bidea, eta berriro igaro dira Gernikako Arbolatik: ia hutsik zegoen oraindik.

Harresilanda kalean gora, San Nikolas atearen pareko pasarelaren azpitik igarotzean ere, babes mezua jaso dute: Eredu zara, Jaizkibel leloa zuen pankarta bat eskegi dute bertatik, eta Jaizkibelen zapi koloretsua Palestinako kufijarekin uztartzen zuen zapi erraldoi bat. Izan ere, aurten, Gazako herritarrenganako elkartasunez, zapi palestinarrarekin desfilatzeko deia egina du konpainiak, eta Zisjordaniako enpresa bati erosi dizkiote propio kufija koloretsu batzuk. Desfilearen amaieran doazen eskopeta zenbaitek ere Palestinako bandera eraman dute armen kanoian.

bizkarra
Emakume batzuk Jaizkibeli bizkarra ematen, gaur, Kale Nagusian. AITOR KARASATORRE / FOKU

Jaizkibel, aldaketa eske

Ohi bezala, Sainduan amaitu du Jaizkibelek goizeko desfilea, eta bertan Nora Ferreira pozik agertu da konpainiaren martxarekin: «Ondo pasatzen ari gara; giro oso ona dugu». Nabarmendu du Jaizkibelek bete egin duela udal dekretua, ados egon ez arren, eta gaitzetsi egin du alardeko konpainiak Gernikako Arbolara agertu ez izana: «Iaz ere ez zuten ebazpena bete, eta ez zen ezer gertatu; uste dugu aurten salaketa publiko bat behintzat egin beharko litzatekeela».

Bide horretan, konpainia baztertzaileen urteetako jarrera ikusita, aldaketa baten premia ikusi dute Jaizkibeleko kideek, eta hala adierazi diote Igor Enparan alkateari, Ferreirak eman dion gutunean: «Guk ia 30 urte daramatzagu gauzak ondo egiten. Alardean parte hartzea eskatu dugu, elkarrizketarako prest egon gara, eta uste dugu badela garaia estrategia eta funtzionatzeko modua aldatzeko. Honaino Jaizkibel beti egon da hitz egiteko prest, eta haiek ez dira inoiz eseri; beraz, alkatearen laugarren urtera begira, zerbait egitea nahi dugu, mesedez: aldaketa nabarmen bat egin behar da».

Era berean, alkateari galdegin dio Jaizkibel eta alarde baztertzailea ez parekatzeko: «Gu eskubideen alde gaude, eta haien bide argia da emakumeek ez parte hartzea alardean; hori ezin da sustatu. Ez gaitzala jarri haien parean, eta aitor ditzala gure lana eta gure borroka». Ferreirak gogora ekarri du Jaizkibelek alarde «publikoa, parekidea eta bakarra» defendatu duela hasieratik: «Alardea publikoa zen, eta fundazio batek bahitu zuen duela ia 30 urte. Festak herriarenak dira, denonak; udalak antolatu behar luke alardea».

Hainbat agintarik hartu dute hitza Ferreiraren ondotik. Ines Ibañez de Maeztu jarduneko Arartekoa mintzatu da lehenbiziko, eta salatu du Berdintasun Legea ez dela betetzen: «Pauso batzuk eman dira, baina erne egon beharko dugu». Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, berriz, orain arte eman diren «aurrerapausoak» nabarmendu ditu, baita «udalaren eskutik urtean zehar egindako lana» ere. Halere, adierazi du badela garaia «aurrerapenak sendotzeko»: «Oraindik ibilbide luzea dugu egiteko, baina, zailtasunak zailtasun, egiten diren urratsak baloratu behar ditugu».

Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak hartu du hitza gero, eta erran aurten ez dela «aurrerapauso nabarmenik» izan. Are, erakunde publikoei «politikoki ausartak» izateko eskatu die: «Hori da gai honek eskatzen duena: ausardia politikoa, gatazka konpontzeko beharrezkoak diren urratsak egin eta erabakiak hartu eta inplementatzeko. Eta erakunde publikoak diot, pluralean. Izan ere, kasu zehatz hau Hondarribian gertatzen da, baina erantzukizuna Hondarribiko Udalarena bezalaxe, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena ere bada». Garoa Lekuona koalizio subiranistaren Hondarribiko zinegotziak, berriz, alardearen gatazka «luzeegi» doala salatu du: «Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek ez dutelako hamarkada hauetan behar zuten ardurarekin eta ausardiarekin jokatu, eta bereziki hamarkada luzez EAJren agintean egon den Hondarribiko Udalak». Bada, nabarmendu du Hondarribiko EH Bilduk konponbiderako konpromisoa duela.

Miren Etxebeste Ahal Dugu-ren Batzar Nagusietako bozeramailea eta Thania Pazos Feminismoetako idazkaria ere mintzatu dira, eta HAOSEk dekretuarekiko izan duen jarrera salatu dute. Udalari eskaera egin diote: «Bada garaia udalak berdintasunezko espazio bat berma dezan alarde berean desfilatu nahi duten Hondarribiko emakume eta gizonentzat».

Enparan: «Ez dugu etsiko»

Adierazpenak egin ditu Igor Enparanek ere alardearen amaieran; izan ere, desfile baztertzaileari ere harrera egiten dio alkateak. Haren hitzetan, goiza «lasai samar» joan da, «errespetuz»: «Eragile bakoitzak bizi ahal izan du Hondarribiko alardea, bakoitzak bere erara egiteko modua izan du». Konpainia baztertzaileek dekretua bete al duten galdetuta, alkateak esan du «erdizka betetzeko saiakera» egin dela, momentuan zeukan informazioaren arabera: «Egia da ez dela guztiz bete. Baina aurreko egunetako tentsio egoerak kontuan hartuta, nik uste dut gaurkoa keinu bat izan dela, nahiz eta denak ez elkartu, elkartzeko saiakera hori egin dela; ez naiz bertan egon, baina horrela jaso dut». Halere, erantsi du polizien txostenak jasotzean egingo duela balorazioa.

Ez du tarterik izan Jaizkibelen gutuna adi irakurtzeko, baina gatazka konpontzeko ahaleginean segitzeko asmoa agertu du: «Ez dugu etsiko. Saiatuko gara behin eta berriro gauzak konpontzen elkarrizketaren bitartez». Hirugarren alardea du Enparanek alkate gisa: lehena keinuen urtea izan zela dio, lehen aldiz harrera egin baitzion Jaizkibeli alkate batek ofizialki; bigarrena administrazioaren urtea izan zen, Jaizkibel konpainia gisa aitortu baitzuen dekretuan; eta aurten «herritarren urtea» izatea nahi zuen: «Uste dut atzo eta gaur herritarrek erakutsi dutela Hondarribia bizirik dagoela, eta, gatazka bat baduen arren, konponbiderako prest dagoela, eta gogoa ere baduela hitz egiteko eta konponbide bat bilatzen saiatzeko». Izan ere, atzo iluntzean, udalbatzak herritarrei aurreskua dantzatzeko ekitaldian, Jaizkibeleko kapitaina gainerako kapitainekin parte hartzera gonbidatua zuen udalak ofizialki lehen aldiz, eta horretara ere ez ziren agertu konpainia baztertzaileetako buruak. Iaz bezala, txaloak eta txistuak izan ziren Arma plazan udal ordezkariek aurreskua dantzatzen zuten bitartean. 

Bide horretan, baina, laguntza eskatu du Enparanek: «[Udalean] eskertuko genuke hain bakarrik ez sentitzea gatazka hau konpontzeko bidean; alderdi politiko eta erakunde publiko guztiek parte hartu beharko lukete, baita herri eragileek ere. Bestela ez dugu urrats sendorik egiteko aukerarik izango; guztion artean errazagoa izango da».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.