Jakes Esnalek ia 30 urte daramatza preso, bizi osoko kondena betetzen. Baldintzapean aske uzteko eskaera egin zuela-eta, Parisko Auzitegiak gaur aztertu behar zuen haren kasua. Bake Bideak jakinarazi du auzi saioa datorren martxoaren 13ra gibelatu duela auzitegiak, Segurtasun Neurrietako Diziplina Askotako Komisioak bere iritzia ematen ahalko baitu egun horretan, Esnalen "arrisku maila" neurtzeko. Azken eskaeretan, komisioak uko egin zion bere iritzia emateari. Maritxu Paulus Basurko abokatuak adierazi du "berri ona" dela "azkenean" onartu izana; hala ere, "denbora galtzea" dela azpimarratu du.
Bestalde, datorren auzi saiorako, epaileak kartzelara joango dira. "Horrek pozten gaitu, orain arte bideo konferentziaz egiten baitziren saioak. Horrek ez ditu bermatzen defentsa eskubideak", esan du Paulus Basurkok.
Jakes Esnal eta Frederic Haranburu Txistor 1990eko apirilean atxilotu zituzten, ETAren Argala komandoko kideak izatea leporatuta. Bizi osorako zigorrera kondenatuak izan ziren. Orain arte baldintzapean aske uzteko eginiko eskaera guztiak ezeztatu dizkie Frantziak.