Gidoilari batek ez zukeen hobeto asmatuko: Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe eta Bilboko Metroaren zuzendari nagusi Eneko Arruebarrena metroaren urteurren ekitaldiak aurkeztear zeudela, Bilboko Sarriko auzoko geltokian, emakume bat erditu da handik gertuko beste geltoki batean, San Inazion; 30 urte hauetan lur azpiko garraiobidean jaiotako bigarren umea izan da. Jaiotzaren berri eman du Arruebarrenak, ekitaldiak aurkezten hasi aurretik. «Ez dakit honek ez ote duen agerraldia zapuztuko; orain hori izango da albistea», erantsi du, olgetan-benetan.
Ospakizunetan dago Bilboko Metroa, azaroaren 11n 30 urte beteko baitira lehenengo bidaia egin zuenetik, eta ekitaldi ugari antolatuko dituzte horren karietara. Abenduaren 1etik 3ra Euskalduna jauregian egingo dituzten jardunaldiak izango dira itzal handieneko ekitaldiak, hainbat adituk eta erakundek gogoeta egingo baitute garraio publikoaren funtzioaz GJH garapen jasangarrirako helburuak lortzeko. Baina ekitaldi guztiak ez dira hain serio eta burutsuak izango: azaroaren 11n txokolatea eta gozokiak banatuko dituzte bidaiarien artean sareko geltoki guztietan, eta Moiua plazakoan abesbatzen emanaldia izango da.
Gabonetako Trena ere antolatuko dute abenduaren 22an: umeentzako jarduera izango da, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, eta han umeek ordubeteko «bidaia magikoa» egingo dute, geldialdirik egin gabe, Olentzerorekin eta Mari Domingirekin.
Horretaz gainera, liburu bat argitaratuko dute, eta egutegi bat banatuko dute bidariarien artean. Kirolak eta jolasak ere lekua izango dute egitarauan: urtarrilaren 30ean eta 31n futbolin txapelketa bat egingo dute Barakaldoko Ansio geltokian, eta martxoaren 29ko gauean Underrun izeneko lasterketa egingo dute lur azpiko tuneletan barrena. Lehenago ere antolatu dute kirol proba hori, baina martxokoak bi ibilbide izango ditu estreinako aldiz.
Tren berriak
Etxanobek esan duenez, Bizkaiko Aldundiak hasiak ditu Bilboko Metroaren trenak aldatzeko lanak: otsailetik ari dira txosten tekniko bat egiten, tren berriek izan beharko lituzketen ezaugarriak zehazteko, eta espero dute dokumentu hori prest egotea urtea amaitu aurretik. Hori bukatutakoan hasiko da tren berri horien lizitazio prozesua. Etxanobek iragarri du «oso inbertsio garrantzitsua» izango dela, 700 eta 800 milioi euro bitartekoa, eta aldundiak inbertsio horren %50 hartuko duela bere gain; finantza plan bat prestatu du horretarako.
100Zenbat bidaiari dituen Bilboko metroak urtean, milioitan. Iaz Bilboko metroak 100 milioi bidaiari izan zituen, eta aurten kopuru hori gainditzea espero dute, lehenengo hamar hilabeteetan gorakada txiki bat izan baitu bidaiarien zenbatekoak; %4koa, gutxi gorabehera. «Azken bi hilabeteetan ezer arrarorik gertatzen ez bada, kopurua gaindituko dugu», azaldu du Bilboko Metroaren zuzendari nagusi Eneko Arruebarrenak.
Â