Jasan «mespretxua eta errespeturik eza» salatu ditu Xarlo Etxezaharretak

Udalbiltzaren aurkako epaiketarako deia azaltzeko deitua zen jendarmeriara; urriaren 26an bukatu zen auzia

Xarlo Etxezaharreta eta hari sostengua ematera joandako lagunak, atzo, Bastidako jendarmeriaren aurrean protesta egiten. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Bastida
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
«Gertatutakoa gaur agertzen da: nik ez nuen inoiz Madrilera joateko deirik ukan», zioen atzo Xarlo Etxezaharretak, Hazparneko hautetsi ohiak, Bastidako jendarmeriaren aitzinean egin prentsaurrekoan. Udalbiltzaren aurka uztailaren 15etik urriaren 26ra arte egin zen epaiketarako deia aurkezteko deitu zuten asteartean bi jendarmek. Hots, epaiketa hasi zenetik kasik urte erdi bat pasa ondoren eta hura amaitua denean ikusi beharra zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkezteko deia. Beste 21 lagunekin batera han epaitu beharra zutelako. Hara ez agertzeko hautua egin zuen, «Madrilgo Justiziari ez erantzutea erabaki politikoa» zela azalduz.

Gertatutakoa Frantziako eta Espainiako estatuek erakutsi «mespretxuaren eta errespeturik ezaren isla» dela argi utzi du.Gehitzera eman du «ofizialki ezer ez» dakitela oraindik, jendarmeriara aurkezteko eskatu ziotenean ez ziotelako zergatia aurkeztu. Kazetari baten bidez jakin zuen zer dokumentu erakustekoa zioten. Hain zuzen, soilik zehaztu zioten «Madrildik zetorren jakinarazpen baten berri emateko» zela. Arrazoia galdatu zuela, beste informaziorik ez zioten eman. Herenegun jakinarazi zioten Bastidako jendarmeriarako deia deuseztatua zela. Hala ere, jendarmeria aitzinera agertu zen atzo, bere iritzia plazaratzeko.

Euroaginduaren beldurra

Haren aurka Madrilek eskaturiko euroaginduaren berri emanen ziotela uste zuen, Udalbiltzaren aurkako epaiketara ez zenez agertu haren atxilotzeko manua eman zuelako Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiburuak epaiketaren lehen egunean. Hurbileko eta senideek azken egun hauetan bizi «beldurraren» berri ere eman zuen hazpandarrak.

Espainiak Ipar Euskal Herriko herritarren aurkako euroaginduak aurkeztuak ditu behin baino gehiagotan. Azkena, Aurore Martin Batasuneko militantearen aurkakoa, eta Frantziako Justiziak onartua du. Onartu izana «aurrekari latza» dela diote eragile askok. Martinek berak dioenez, «Batasuna eta ezker abertzale osoa eta gehiago, hala iruditzen bazaie, behin betiko debekatzea» da helburua.

«Auzi politikoa da»

«Egunean egunekoa». Horrela bizi da Etxezaharreta, ez dakielako biharra zertaz osatua izanen den. Euroaginduaren mehatxupean da, eta argi du hori «erabaki politikoa» dela «eta ez judiziala».

Ondoan zuen Ixabel Etxeberria Urruñako hautetsia, beste hainbat hautetsi bezala Udalbiltzako kideei elkartasuna adieraztera bildua; haien iduriko ere horrelako tresnak «funtsezkoak» direlako Euskal Herriaren «geroa eskuetan hartzeko».

Udalbiltzaren alde, Kantuz,Kuxkuxtu txaranga eta Canta u Populu Corsu korsikar taldea ariko dira ondoko larunbatean Hazparnen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.