Elkarbizitza

Jatorri anitzeko biolentzien biktimak Martin Ugalde foroan, otsailaren 6an

Maria Jauregi, Naiara Zamarreño, Eneko Etxeberria eta Nagore Otegi mintzatuko dira, Andoainen.

2020ko urtarrilaren 17a
12:32
Entzun

Azkeneko hamarkadetan Euskal Herrian indarkeria politikoa sufritutako askotariko biktimek parte hartuko dute, otsailaren 6an (osteguna), Martin Ugalde foroan, Andoainen (Gipuzkoa): Maria Jauregik eta Naiara Zamarreñok —ETAk hil zizkieten aitak: Juan Mari Jauregi eta Manuel Zamarreño—, Eneko Etxeberriak —BVEk desagerrarazi zion anaia Jose Miguel Etxeberria Naparra, eta ez da oraindik agertu— eta Nagore Otegik —GALek hil zuen haren aita, Juan Mari Otegi Txato—. Foroko antolatzaileen iritziz, izan ETArenak, BVErenak, GALenak... azken urteotan biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditu gehiengo zabal batek, eta, «egoera politiko berrian, elkarbizitza josten segitze aldera», jatorri anitzeko lau biktima horiek elkartzearen alde egin dute. Enekoitz Esnaola BERRIA egunkariko kazetariak gidatuko du solasaldia (19:00).

Besteak beste, norbera plaza publikora ateratzearen zergatiaz eta horren garrantziaz ariko dira lau hizlariak. Indarkeriari buruzko gogoeta egingo dute, eta biktima mota desberdinez, eta elkarren arteko harremanaz eta enpatiaz hausnartu. Azken asteotan behin baino gehiagotan agertu den gaia da biktimez egiten den «erabilera politikoa», eta hori ere izango dute mintzagai.

Martin Ugalde kultur parkean izango da solasaldia —ekitaldi irekia–, eta zuzenean ikusi ahal izango da Berria.eus-en.

Foro Sozial Iraunkorrarekin elkarlanean antolatu du mahai ingurua Martin Ugalde foroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.