Politika

Jaurlaritza aurrez aurre izango duela ohartarazi dio Urkulluk Voxi

Jaurlaritzako lehendakariak ziurtatu du autogobernuaren kontrako edozein erasok bere gobernuaren "sendotasun demokratiko eta instituzional guztiarekin" egingo duela topo.

jarraia173281.jpg
2019ko azaroaren 4a
11:34
Entzun

Espainiako Vox eskuin muturreko alderdiak EAJren legez kanporatzearen alde egindako adierazpenek alderdi jeltzaleko arduradunen erantzuna jaso dute Espainiako hauteskundeetarako kanpainan. Gaur, Eusko Jaurlaritzaren izenenean mintzatu da Iñigo Urkullu lehendakaria, sare sozialetan gaztelera hutsean zabaldu duen agiri baten bidez. Voxen adierazpenak "onartezinak" direla salatu du, eta beharrezkotzat jo du "erantzun instituzional bat" ematea, Santiago Abascal Voxeko buruak esandakoek "alderdi politikoen arteko hauteskunde eztabaidaren joko eremua" gainditzen dutela iritzita.

Urkulluk nabarmendu du Espainiako Gorteek Alderdien Legea onartu zutenean susmoa izan zutela helburua ez ote zen izango "egunen batean nazionalismo demokratikoa" legez kanporatzea, euskal erakundeetan esku hartzea eta botorako eskubidea eragoztea. "Estatuaren perbertsioa, eta, beraz, demokraziaren subertsioa". Adierazi du Alderdien Legearen hitzaurrean aipamen gehiago egiten zaizkiela EAJri eta EAri, ETAri baino.

Espainiako Estatuko alderdiek Voxi erantzutea espero zuen Urkulluk. Ez da halakorik izan, eta PPri eta Ciudadanosi mezua bidali die. Voxekin hainbat erkidegotan gobernu akordioak dituzten bi alderdi horiei ohartarazi dienez, Espainiaren "uniformizazioa bultzatzeko estrategia partekatua" EAJren legez kanporatzean oinarritzen bada, "ez dute soilik EAJ izango aurrez aurre; Eusko Jaurlaritza ere izango dute, lehen lerroan".

Lehendakariaren iritziz, Voxek sustatu nahi duen gizarte eredua da haren jardun politikotik gehien kezkatzen duena. "Totalismorako atzerakada" "egiazko mehatxua" da, Urkulluren esanetan. "Prest dago autogobernuaren alorrean eraikitako guztia suntsitzeko, euskal gizartearen borondatearen kontra".

Voxen nahiei aurre egiteko, "elkarbizitzaren alorrean Euskadin eraikitakoa" defendatuko du Jaurlaritzak. "Gure elkarbizitza eredua defendatu genuen, defendatzen dugu eta defendatuko dugu. Printzipio demokratikoak, giza eskubideak, pluralismoa eta euskal autogobernua sustatu genituen, sustatzen ditugu eta sustatuko ditugu", adierazi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.