Unibertsitatera sartzeko azterketak berrikusteko prozesua oraindik zabalik dagoela berretsi du EHUk

Bilboko bost ikastetxetako zenbait ikaslek zero eta bi arteko emaitzak atera dituzte Euskara eta Euskal Literaturako azterketan, eta horrek ika-mika sortu du: Pedrosa eta Perez sailburuak eta Bengoetxea EHUko errektoreak bilera egin dute.

Ikasle batzuk unibertsitatera sartzeko proba egiten, EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolan. MIGUEL TOÑA / EFE
Ikasle batzuk unibertsitatera sartzeko proba egiten, EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolan. MIGUEL TOÑA / EFE
kristina martin
2026ko ekainaren 16a
15:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Juan Ignacio Perez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak EHUko errektore Joxerramon Bengoetxearekin bilera egin dute gaur arratsaldean, eta amaieran EHUk BERRIAri azaldu dio ez duela bilkura hartan esandakoaren inguruko inongo baloraziorik argitaratuko. Hala ere, gogorarazi dute azterketak berrikusteko prozesua zabalik dagoela oraindik, eta itxaron egin behar dela berrikusteko sistemak barne hartzen dituen urratsak amaitu arte.

Kasuak atzo mugitu zituen bazterrak, gazteleraz ikasten duten Bilboko ikastetxe batzuetako ikasleek unibertsitatean sartzeko probako —selektibitateko— Euskara eta Literatura azterketan atera dituzten emaitza kaskarrak direla-eta egin zituzten protesten harira.

Ekainaren 2tik 4ra bitartean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12.000 ikasle inguruk egin zuten unibertsitatera sartzeko proba. Horietako 11.507k gainditu dute, hots, %95,26k. A ereduko —euskara soilik ikasgaitzat dutenak— Bilboko itunpeko bost ikastetxetako 60 bat ikaslek emaitza oso baxuak eskuratu zituzten Euskara eta Literaturako azterketan; horietako askok 0 eta 2 arteko nota atera zuten. Azterketa zuzentzeko orduan akats teknikoren bat egon zitekeela susmatuta, gainbegiratzeko eskaera egin zuten.

EHUk argitu zuenez, ez zegoen akats teknikorik, eta azterketa guztiak aurretik ezarritako eta plazaratutako irizpideen arabera zuzendu ziren. Zehaztu zuenez, unibertsitatera sartzeko hautaproba berrietan ortografia akatsak kontuan hartzen dituzte, eta gehienez bi puntu kendu ahal zaizkie ikasleei horregatik. EHUk gogorarazi zuen azterketak berrikusteko eskatzeko aukera bazegoela. Berrikuspena eskatzeko epea atzo gauerdian amaitu zen. Horrelakoetan, beste aztertzaile batek zuzendu ohi du azterketa hori. Beraz, prozedura ez da itxi oraindik.

Horretaz gain, EHUk nabarmendu du ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean eta 2an izango dela selektibitateko azterketak egiteko ezohiko deialdia. Deialdi horretara aurkezten diren ikasleek ez dute nota jaisteko arriskurik hartzen, bi probetako notarik onena eskuratuko dutelako. Gainera, EHUk ohar bidez gogorarazi du unibertsitatera sartzeko proba antolatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea ez dela soilik bere erantzukizuna; are, nabarmendu dute batzorde misto baten eginkizuna dela, eta bertan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ere badagoela.

Egoera «euskarari erasotzeko» ez baliatzea eskatu du Ubarretxenak 

Espero baino nota kaskarragoak atera dituzten 60 ikasle horiek kalean protestak antolatu dituzte, eta hedabide asko izan dituzte beren kexen bozgorailu. Eusko Jaurlaritzako ordezkariei behin eta berriro galdetu izan diete emaitza horiei buruz, eta, orain arte zuhurtziaz jokatu duten eta epaimahaikideen irizpideak errespetatzeko eskatu duten arren, gaur Maria Ubarretxena gobernuko bozeramaileak esan du bilera batera deitu dutela EHUko errektorea, kasu horiek argitzeko asmoz. EHUri berrikuspenak egiteko orduan «bizkortasuna, gardentasuna eta zorroztasuna» eskatu dizkio, eta beste eragileei dei egin die ez dezaten baliatu egoera hori «euskarari erasotzeko».

Azkartasun eskaerari dagokionez, araudian jasota dagoena gogora ekarri du EHUk: «Ezarritako prozedurak legez zehaztutako epeak ditu, eta alderdi guztiek dute haien berri. Horregatik, ez du zentzurik bizkortasun handiagoa eskatzeak, prozedura indarrean dagoen araudiaren arabera egiten baita eta egutegi arautu publikoa baitu».

Beste zehaztapen bat egin dio EHUk Jaurlaritzari. Izan ere, Ubarretxenak esan du azterketak egitea eta zuzentzea EHUri dagokiola, «modu esklusiboan», eta EHUk berehala erantzun du: unibertsitatera sartzeko probaren antolaketa ez dagokiola unibertsitateari bakarrik, prozesu osoa Eusko Jaurlaritzarekin batera garatzen dela. «Ez da egia antolatzea EHUri bakarrik dagokiola. Proba antolatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea batzorde misto bati dagokio. Kide anitzeko organo hori Hezkuntzako sailburuordeak izendatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako bost ordezkarik eta unibertsitateko beste bost kidek osatzen dute».

Era berean, gogorarazi duenez, «ebaluazio epaimahaiak unibertsitateko irakasleek eta Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatzen dituzte, eta bi erakundeek prozesuaren fase guztietan parte hartuko dutela bermatzen dute». EHUk ohartarazi duenez, «epaimahaikideek inoiz dute ikasle horien nortasunaren berri, ezta ikasle horien jatorrizko ikastetxearen berri ere; hain zuzen ere, tratu berdintasuna eta ebaluazioen inpartzialtasuna bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA