Jaurlaritzak %16 handituko du unibertsitateen finantzaketa 2026rako

2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana aurkeztu dute. EHUren finantzaketa %16 handituko dute; Deustukoa, %23; eta Mondragonena, %15

2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Planaren aurkezpena, atzo, Gasteizen. IREKIA.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Jakinarazi dute datozen urteetan (2023-2026) zenbat diru jasoko duten EHU Euskal Herriko Unibertsitateak —publikoa— eta Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak—pribatuak—. Hain zuzen, atzo aurkeztu zuten 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta EHUko errektore Eva Ferreirak, Deustuko Unibertsitateko Juan Jose Etxeberriak eta Mondragoneko Vicente Atxak. Jaurlaritzak zuzenean 1.642,4 milioi euro jarriko ditu, azken planean baino %16 gehiago. Gainera, 603,8 milioi jasoko dituzte finantzaketa publiko lehiakorraren, kontratupeko diru sarreren, nazioarteko finantzaketaren eta unibertsitateen baliabide propioen bidez. Orotara, beraz, 2.246,2 milioi euro izango dira unibertsitateentzat, azken planean baino % 14,5 gehiago.

Jaurlaritzak unibertsitate denei emango die 2019-2022ko planean baino diru gehiago. Halere, batzuen eta besteen finantzaketa ez dute proportzio berean handitu: %16 handitu dute EHUrena; Deustuko Unibertsitatearena, %23; eta Mondragon Unibertsitatearena, %15. Hain zuzen, Jaurlaritzak 1.569,7 milioi euro jarriko ditu EHUrentzat; 40,2 milioi Deustuko Unibertsitaterentzat; eta 32,4 milioi euro Mondragon Unibertsitatearentzat.

Urtez urte igotzen ari da pribatuen finantzaketa. Oraingo planean, Jaurlaritzak zuzenean jartzen duen diruaren %95,6 izango da unibertsitate publikoarentzat, eta %4,4 pribatuentzat. Aurreko unibertsitate planean %95,7 izan zen publikoarentzat; 2007koan, lehenengo planean, %98,2. Unibertsitateen artean ere badago aldea. Proportzioan Deustuko Unibertsitatearen diruztatzea handitu dute gehien: 2007tik %246 handitu dute. Nabarmen igo da Mondragon Unibertsitatearena ere: 2007ko planean baino %179 handiagoa da. Aldiz, proportzioan igoera askoz apalagoa izan du EHUk: %26koa.

Ardatzak eta helburuak

Diru kopuru orokorra iragartzearekin batera, planaren ardatz nagusiak ere azaldu dituzte. Hiru izango dira. Batetik, unibertsitateen eta enpresen arteko harremana sustatzea nahi dute. Planean jaso dutenez, unibertsitateek beren eskaintzan kontuan hartuko dituzte enpresen beharrak eta errealitatea. Bestetik, unibertsitate sistema «bikaintasun zientzia globalaren testuinguruan» jartzea. Horretarako, planean jasota dago, adibidez, ikertzaileak «bikaintasun irizpideekin» kontratatzea eta ikerketarako «bikaintasun taldeak» sustatzea. Azkenik, Unibertsitatea+Euskadi Basque Country sustatzea. Nazioartekotzearekin du lotura: «Plan honetarako ezarritako lehentasunetako bat da egungo euskal unibertsitate sistema nazioarteko euskal unibertsitate sistema bihurtzea 2030ean». Erantsi dute 2023-2026 planean «jauzi bereizgarria» eman nahi dutela nazioartekotzearen arloan.

Hitzetatik ekintzetara

Ziurtatu dute ardatz horiek ekintza zehatzetan isla izango dutela. Besteak beste, planean jasota dago Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea eraikitzea Bizkaian; eraldaketa digitala azkartzea, «unibertsitate hibrido digital-fisikoaren eredu bihurtzeko»; eta enpresekin eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin harremanak sendotzea, «enplegagarritasuna hobetzeko».

Horretaz gainera, iragarri dute hiru unibertsitateak «batera eta koordinatuta» titulu bat eskaintzen hasiko direla lehenengo aldiz: integrazio estrategikoari, 2030erako Agendaren jarraipenari eta komunikazioari eta garapen iraunkorreko helburuei buruzko graduondokoa emango dute 2023-2024ko ikasturtetik aurrera. 35 ikaslerentzako lekua egongo da.

Planean zehaztu dituzte unibertsitateek 2026ra bitartean izango dituzten helburuak ere. Esaterako, nahi dute %50 igotzea gradu eta master dualen eskaintza —ikasleak ikasten eta lanean aritzen dira aldi berean—; %50 igotzea nazioarteko esperientziak eskaintzen dituzten graduak eta master titulazioak ere; nazioarteko ikasleen kopurua %15 handitzea; graduko ikasleen erdiak euskaraz jasotzea prestakuntza;ingeniaritzari eta zientziei lotutako STEM titulazioetan matrikulatutako ikasleen %52 emakumeak izatea —aurreko planean ere helburu bera jarri zuten—; irakasle ikertzaileen %52 emakumeak izatea; eta unibertsitateetako enplegu tasa %90etik gorakoa izatera heltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.