Orain dela urtebete aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko dutela 2027an, «datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala» lortzeko. Atzo eman zituen xehetasunak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak. Izena: III. Euskal Mundu Biltzarra–From Basque to the World. Eguna: 2027ko urriaren 20a, 21a eta 22a. Eta lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Kongresua Jauzia gara egitasmoaren barruan kokatu dute, Eusko Jaurlaritzak «euskararen biziberritzean etapa berri bat irekitzeko eta bere erabilera sozialean aurrera egiteko» bultzatzen ari den proposamenean.
Bengoetxeak azaldu duenez, nazioarteko kongresuan hainbat lekutako ikertzaileak, profesionalak, erakundeetako ordezkariak, gizarte eragileak eta hizkuntza komunitateak bilduko dituzte Bilbon, «euskararen eta hizkuntza gutxituen etorkizunari buruz hausnartzeko». «Gure etorkizuna munduarekin batera eraiki nahi dugu, beste hizkuntza komunitate batzuetatik ikasiz eta euskal esperientzia partekatuz. Hori da From Basque to the World leloaren zentzua».
Horretarako, lau hausnarketa esparru izango ditu biltzarrak: erakunde lidergoa eta proiekzio globala; gizarte kohesioa eta ongizatea; kultura, sorkuntza eta komunitatea; eta teknologia eta berrikuntza. Hala, Bengoetxearen irudiko, hizkuntza komunitateek dituzten erronka nagusiei helduko diete. Hauxe xede: «Hiru egunez, Bilbo mundu osoko ikertzaileen, erakundeetako arduradunen, profesionalen, gizarte eragileen eta hizkuntza komunitateetako ordezkarien arteko ezagutza eta esperientziak trukatzeko gune bihurtuko da. Helburua da ikaskuntzak partekatzea, erronka komunak identifikatzea eta hizkuntza aniztasuna eta hizkuntzen biziberritzea indartzen lagunduko duten lankidetza bide berriak aztertzea».
Ekarpen akademikoa ez ezik, soziala ere egin asmo dute kongresuaren bidez. «Nazioarteko ezagutzarekin eta esperientziekin batera, gizarte, kultura eta hezkuntza eragileen ekarpenak jasoko ditu, datozen hamarkadetan euskara indartzen jarraitzea ahalbidetuko duten gakoak identifikatzen laguntzeko».
Jada martxan
Kongresurako oraindik ia urte eta erdi falta bada ere, Eusko Jaurlaritzak biltzarraren webgune ofiziala aktibatu du: www.frombasquetotheworld.euskadi.eus. Bertan, topaketari buruzko informazio guztia jarri dute ikusgai: edukiak, batzordeak, parte hartzaileak, hizlari nagusiak, nobedadeak eta egutegia.
Webgunean ikus daitekeenez, oraingoz lau hizlari daude baieztatuta: Europako Kontseiluko Adituen Batzordeko Aleksandra Oszmianska-Pagett, Elin Haf Gruffydd Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen sare ELENeko lehendakaria, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Karin van der Worp eta EHUko Hitz zentroko Mikel Artetxe.
Halaber, komunikazioen eta posterren nazioarteko deialdia ireki da, euskararekin, hizkuntza gutxituekin eta hizkuntza aniztasunarekin lotutako ikerketak, esperientziak eta egitasmoak aurkezteko interesa duten ikertzaile, profesional, erakunde arduradun, gizarte eragile eta hizkuntza komunitateetako ordezkarientzat. 2026ko irailaren 14ra arteko epea izango dute lanak aurkezteko.