Urtebete beteko du laster Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak karguan. Hain justu, joan den urteko ekainaren 20an izan zen inbestidura saioa eta, bertan, Pradalesek esan zuen euskararen biziberritze prozesuan «herri gisa jauzi kualitatiboa» eman beharra zegoela. Urtebete beranduago, esaldi hori berretsi du lehendakariak Bilboko Azkuna zentroan egindako agerraldian. Eta iragarri du Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko dutela 2027an, «datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala» lortzeko.
Pradalesen esanetan, «euskara bidegurutze» batean dago, «beste norabide eta bultzada baten premian». Azpimarratu du azken hamarkadetan «lan andana» egin dela, baina «gizarte, komunikazio eta teknologia eraldaketek» erronka berriak sortu dituztela. Horiek horrela, ezinbestekotzat jo du erronka horiei «erantzun gaurkotuak eta egokiak» ematea: «Horren araberakoa izango da euskararen etorkizuna, neurri handi batean». Horregatik erabaki dute biltzarra egitea, 1956ko agintaldian antolatutako Munduko I. Euskal Biltzarra erreferentzia hartuta.
2027ko biltzarra, baina, bide berri baten amaiera izango da. Izan ere, ekitaldi hori lantzeko dinamika aurtengo irailean abiatuko dute, Jauzia gara lelopean. Hainbat dinamika, prozesu, ekimen, ikerketa eta eztabaidaren bitartez, «euskararen geroa» irudikatzea izango dute helburu. «Asmoa da bi urteko epean lanketa zabala eta plurala egitea, eta nazioarteko biltzar handi, heterogeneo eta esanguratsu bat eginda amaitzea», zehaztu du Pradalesek.
Hainbat arlotako 270 lagun bildu dira gaurko ekitaldian, eta lehendakariak gonbidapena egin die dinamikaren parte izan daitezen. Besteak beste, erakunde publikoetako, enpresetako, komunikabideetako, sindikatuetako, osasungintzako, kultur arloko, euskaltegietako eta euskalgintzako ordezkariak elkartu dira. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi duenez, horietako askorekin bildu dira legegintzaldiaren lehenengo urte honetan: «600 eragilerekin baino gehiagorekin eseri gara, 350 erakunderekin baino gehiagorekin egon gara, eta 800 bilera baino gehiago egin ditugu».
Herri erronka estrategikoa
Bilera horietan, bost ardatz nagusi identifikatu dituzte: ezagutza, teknologia eta digitalizazioa, giza harremanak, lan mundua eta euskararen prestigioa. Ardatz horietan guztietan «urratsak» egin dituzten arren, Pradalesek esan du oraindik ez dela nahikoa. Hori dela eta, bertaratutakoei esan die euren «laguntza» behar dutela «aurrez aurre» duten «herri erronka estrategikoari erantzuna» emateko. Eta zera erantsi du: «Herri gisa jauzi kualitatibo bat egiteko, guztion atxikimendua eta inplikazioa behar dugu; kontsentsua behar dugu».
Soziolinguistikaren begiradatik helduko diote irailean martxan jarriko duten bideari, «euskararen erronka nagusiak erabilerari eta gizartean gertatzen diren aldaketei estuki loturik baitaude». «Emaitza ezberdinak» lortzeko, Pradalesek ezinbestekotzat jo du «gauza ezberdinak» egitea. Horregatik, «lanketa arrakastatsua» izan dadin, esan du euskararen munduarekin eta euskalgintzaren egitura klasikoekin harremana ez duten sektoreak, eragileak eta norbanakoak erakarri beharra dagoela.
«Herri gisa jauzi kualitatibo bat egiteko, guztion atxikimendua eta inplikazioa behar dugu; kontsentsua behar dugu»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
Lehendakariak adierazi du gobernuak bere esku dagoena egingo duela jauzia egiteko, hizkuntza politikak indartuz eta jauzirako gizarte baldintzak sortuz. Horrez gain, gogoratu du azken hilabeteotan administrazio publikoko hainbat lanpostutako hizkuntza eskakizunen aurkako hainbat epai jaso dituztela, eta horretan ere lanean ari direla, epai horiek «funtzio publikoaren egonkortasuna» zalantzan jartzen dutelako eta administrazioaren euskalduntzeko bidean «beste harri batzuk» jartzen dituztelako. Legebiltzarreko talde nagusiak «irtenbide adostuak» lortzeko lanean ari dira. «Aukerak badaude, eta dei egiten diet gaurkoan alderdiei arduraz joka dezaten eta euskara eztabaida politiko instrumentalerako erabili ez dezaten», esan du.
Bestalde, Bengoetxeak esan du azken urte honetan mugarri batzuk ezarri direla. Besteak beste, adierazi du datorren ikasturtean doakoa izango dela euskarazko A2 maila lortzea, eta euskarazko hedabideentzako diru laguntzak handitu dituztela, «tokikotan azpimarra jarrita»: «Konfiantzaren aldeko apustua da, gertuko informazioaren aldekoa». Erantsi du ofizialtasuna Europako agendan ere kokatu dutela.
Pradales eta Bengoetxea ez ezik, zenbait arlotako ordezkari batzuk ere igo dira oholtzara. Amaia Uribe aurkezleak bakoitzari eskatu die hitz bat aukeratzeko, euskara eta euren esparrua lotuko dituena. Janire Atxurra Lekanda eduki sortzaileak, esaterako, «beharrezkoa» hitza aukeratu du, hartzaile askok mezu bidez helarazten diotelako beharrezkoak direla horrelako edukiak euskaraz. Itziar Idiazabal Gorrotxategi hizkuntzalari, ikertzaile eta ohorezko euskaltzainak, berriz, «euskal irakaskuntza» aipatu du etorkizuneko itsasargi gisa. Eta Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko presidenteak «garapena» hitza aukeratu du, euskara eta enpresaren mundua lotzeko.