Egunetik egunera gogorrago ari da birusa ikasturteari kalte egiten. Egun bakarrean, nabarmen handitu da bakartutako ikasgelen kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hezkuntza Sailak emaniko datuen arabera, atzo 92 ikasgela zeuden itxita hiru lurralde horietan. Oraintxe bertan, berriz, 172 ikasgela daude pandemiarengatik itxita. Hau da, Jaurlaritzak 80 ikasgela itxi ditu azken 24 orduetan. Ikasgelen bakartze horiek 111 ikastetxeri eragiten diete. Atzo, aldiz, 71 ikastetxeri.
Atzotik, ikastetxe guztiak irekita daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, ez dago erabat hetsita dagoen ikastetxerik. Soraluzeko (Gipuzkoa) institutuak atzo zabaldu zituen ateak berriz.