Jaurlaritzak 841 milioiko diru sail bat prestatu du

Osasun sistema indartzea eta arlo ekonomikoan hainbat laguntza ematea da asmoa. Zainketa intentsiboetako unitateetako ohe kopurua bikoizteko plan bat prestatu du Osasun Sailak.

Murga, Erkoreka, Urkullu eta Beltran de Heredia, gobernu kontseiluan. IREKIA
jon olano
2020ko martxoaren 24a
13:14
Entzun

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluaren osteko agerraldia egin dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Urkulluk jakinarazi du 841 milioiko diru sail bat bideratuko dutela neurri batzuk hartzera: esaterako, babes ofizialeko etxeetan alokairuan daudenek eta langabezian geratu direnek ez dute apirileko eta maiatzeko alokairua eta komunitate gastua ordaindu beharko. Horrez gain, 200 milioi osasun sistema indartzera bideratuko dituzte (materiala erostera, telefono bidezko arreta indartzera eta kutsatuak artatzeko gune berriak zabaltzera, adibidez).

Familiei emandako beste laguntza batzuen artean, Jaurlaritzak jantokietako bekei eutsiko die, haur eskoletako fakturazioa etengo du, eta gizarte larrialdiko laguntzak handituko ditu. Atal horretara 54 milioi euro bideratuko ditu. Haatik, enpresei eta autonomoei emandako diru saila da handiena: 568 milioi eurokoa da. Enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei finantza arloko laguntza emateko COVID-19 programara doa gehiena.

Funtserako dirua nondik aterako den galdetuta, Urkulluk azaldu du iazko etekinak baliatuko dituztela eta Jaurlaritzak zorpetzeko gaitasuna duela. 2020ko aurrekontuak ere egokitu daitezkeela esan du. Espainiako Gobernuak hartutako neurri ekonomikoekiko «osagarria» da Jaurlaritzarena: «Epe laburrean ezarri beharreko talka plan bati buruz ari gara».

Osasuna eta ekonomia, «bateragarriak»

Bestalde, Langileen osasunarekin «bateragarriak» diren jarduera ekonomikoekin jarraitu beharra dagoela esan du Urkulluk, «koma ekonomikoan» ez sartzeko: izan ere, uste du «oso nekeza» dela lantegiak «hutsetik» zabaltzea. Urkulluk argudiatu du ezinbestekoa ez den jarduera ekonomiko oro eteteko erabakia «estatu mailan» hartu beharko litzatekeela, eta jarduera ekonomiko horrek sostengatzen dituela oinarrizko zerbitzu publikoak: «Muturreko neurri bat izango litzateke». «Uztartu beharko genituzke pertsonen osasun segurtasuna eta ekimen ekonomikoa», gaineratu du.

Urkulluk berak azalpenak emango ditu Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean, EH Bilduk hala eskatuta. Diputazio Iraunkorreko Mahaiak onartu du Urkulluren agerraldia, baina oraindik ez du egunik zehaztu. Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiaren iritziz, «lehendakariaren agerraldiak auzolana sustatzeko balio behar du, hots, Jaurlaritzak hartutako neurriak kontrastatu, bestelako proposamenak egin eta aurrerantzean egin beharreko urratsak denon artean adosteko».      

Gainera, Nekane Murgak koronabirusak erasandakoen datu eguneratuak eman ditu: 307 kasu berri antzeman dituzte. Guztira, 2.728 kutsatu daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 1.129, erietxeetan. Beste hamahiru pertsona hil dira, eta denera 133 dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Murgak nabarmendu du Osakidetza ez dagoela egoera larrienean, baina, garatu duten kontingentzia planaren arabera, Zaintza Intentsiboetako Unitateetarako (ZIU) ohe kopurua bikoizteko modua izango dutela.

Alarmaren luzapena

Alabaina, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseilua ere gaur batzartu da, eta formalki onartu du alarma egoera beste hamabost egunez luzatzea —apirilaren 11 arte—. Espainiako Konstituzioaren 116.2 artikuluaren arabera, soilik hamabost egunez ezar daiteke alarma egoera, eta, luzatuz gero, beharrezkoa da Espainiako Kongresuaren onespena. Kongresuan bihar bozkatuko dute luzapen hori, eta ganberaren oniritzia ziurtatua du gobernuak, besteak beste PPk eta Ciudadanosek iragarria dutelako luzapena babesteko asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.