ACAIP-UGT eta CCOO sindikatuek akordiorako oinarria ezarri dute Eusko Jaurlaritzarekin, espetxe administrazioan lan egiten duten langileen baldintzak eta ordutegi zehatzak arautzeko. Zenbait hilabeteko negoziazioen ondoren, lan hitzarmenerako akordioa lortu dute sindikatu horiek eta Justizia eta Giza Eskubideak Saileko eta Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu Saileko ordezkariek. Datozen bost urteetarako litzateke akordio berria, eta Jaurlaritzak esan du modua emango duela «euskal espetxe eredua amaitzeko».
UGT eta CCOO sindikatuen eta euskal administrazioaren arteko akordiorako oinarria uztailaren 15eko Mahai Sektorialean berretsi beharko dute aldeek. Jaurlaritzak dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan lan egiten duten langileen «berezitasunak» ezarriko dituela hitzarmenak. «Oinarrizko eta etengabeko zerbitzu baten berezitasunei erantzuten die, eguneko hogeita lau orduetan, lanaldi eta ordutegi espezifikoak ezarriz, eta zerbitzua behar bezala ematea ahalbidetzen duten lan baldintzak ezarrita».
Zehazki, txandaka lan egiten duten beharginek jasoko dituzten osagarriak kuantifikatu dituzte akordio berrian. Espetxe Araudiaren arabera, ordutegi espezifikoan lan egiten duten langileen ordu konpentsazioa jaso dute itunean, eta zeharkako gaiak sartu dituzte, «hala nola euskararen normalizazioa, berdintasuna, arriskuen prebentzioa eta prestakuntza».
Zubietako kartzela
Bigarren jarduera ere arautzen du itun berriak, bai eta zerbitzu eginkizunak eta espetxe eskaletarako berariazko poltsen sorrera ere. Bost urteko iraupena izango du hitzarmenak, aldeek gaurko akordioa berretsiz gero, eta arrisku edo dedikazio bereziko lanpostuetan lan egiten duten langileei ordainsariak eta ordu konpentsazioak emango zaizkie.
Jaurlaritzaren arabera, indarrean dagoen Lanpostuen Zerrendarekin, itunak modua emango du «espetxe zerbitzu sendoak egituratzeko aukera emango duten oinarriak ezartzeko eta euskal espetxe eredua garatzeko». Zehazki, administrazioak helarazi du Zaballako espetxean itxitako modulua datozen hilabeteetan irekitzea ekarriko duela akordioak, «baita Zubietako espetxe berria ere».