Jaurlaritzak atzera bota ditu Araban eraikitzekoak ziren sei parke eoliko

Gobernuak baztertu egin du Vitoria 30kV klusterraren proiektua, ingurumenari kalte egingo liokeelako. Hegaztiak, korridore ekologikoak eta paisaia kaltetuko lituzkeela dio Jaurlaritzak.

Parke eoliko bateko errotak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Parke eoliko bateko errotak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne begiristain
2026ko martxoaren 5a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak atzera bota du Araban sei parke eoliko martxan jartzeko egitasmoa, haize errotek inpaktu handiegia izango luketelako ingurumenean. Gobernuak gaur argitaratu du erabakia EAEko aldizkari ofizialean, eta bertan jaso du Vitoria 30kV izeneko kluster eolikoari buruzko aurkako ingurumen inpaktua.

Proiektua Savanna Power Solar 14 enpresak sustatua zen, eta Arabako sei udalerritan aurreikusten zuen haize errotak paratzea: Burgun, Dulantzin, Iruraiz-Gaunan, Donemiliagan, Barrundian eta Gasteizen. Parke bakoitzean aerosorgailu bat jartzea aurreikusten zuen; guztira, 29,94 megawatteko potentzia.

Jaurlaritzaren arabera, haize errotak kokatzeko proposatutako eremuak bereziak dira ingurumenari dagokionez, han bizi direlako babestutako hainbat hegazti, eta «habia egiteko lurralde, kolonia, etzaleku eta hegazti mehatxatuen babesgune ugari» dagoelako. Halaber, Jaurlaritzaren ustez, proiektuak eragin nabarmena izango luke eskualdeko korridore ekologikoetan, habitatak aldatuko lituzke eta paisaian ere «eragin handia» izango luke. Ingurumen azterketaren ondorioa argia da, beraz: parke eolikoen proiektua «ingurumenaren ikuspegitik bideraezina» da, baita azterlanean aurreikusitako neurri zuzentzaile edo konpentsatzaileak aplikatuta ere.

Solariaren proiektu berrien aurka

Arabako hainbat udalerrik Solariak lurraldean jarri nahi dituen eguzki parkeen proiektuak baztertu dituzte. Zehazki, Urkabustaiz, Arratzua-Ubarrundia, Aiara, Zuia eta Erriberagoitiko udalek eta Gorbeialdeko Kuadrillak bozkatu dute egitasmo horien aurka osoko bilkuretan. Solariak Eusko Jaurlaritzari baimena eskatu zion Araban hemeretzi eguzki parke eraikitzeko, eta horren aurkako mozioak aurkeztu zituen koarazioak aipatu udaletan. Proiektu horiek, denera, 923 megawatteko potentzia izango lukete —EAEn orain arte instalaturakoa ia halako hiru—, 1.200 hektarea inguru hartuko lituzkete, eta Arabako 13 udalerriri eragingo lieke.

EH Bilduk ohartarazi du egitasmo horrek lotura duela Araban sortutako energia Zierbenara (Bizkaia) eramateko aurreikusitako goi tentsioko linearekin. Eta ez hori bakarrik: Solariak guztira 27 zentral fotovoltaiko jarriko lituzke Araban, koalizioak salatu duenez.

Udalek onartutako mozioan, energia proiektuen «kontrolik gabeko hedapena» kritikatu dute, eta Jaurlaritzari planifikazio argiagoa eskatu diote. Halaber, aurkeztutako proiektuak berrikustea edo bertan behera uzteko aukerak aztertzea galdegin diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.