Eusko Jaurlaritzak aurretiko baimen administratiboa eman dio Arraia-Maeztun (Araba) parke fotovoltaiko bat egiteko Laminoria proiektuari. Aurreikusitakoaren arabera, 62.000 eguzki plaka instalatuko dituzte 58 hektareako eremu batean; aurretik meatze ustiaketarako erabilia izan da eremu hori. 34,37 MWko potentzia izango luke azpiegiturak.
Aixeindar enpresa da Laminoriako zentral fotovoltaikoaren sustatzailea. Haren parte dira Iberdrola eta Eusko Jaurlaritza; azken hori, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez. Orain, Aixeindarrek hamabost hilabeteko epea izango du eraikitzeko baimen administratiboa eskatzeko. Baimen hori eskatu ahal izateko, exekuzio proiektuari gehitu beharko dizkio Eusko Jaurlaritzak ingurumen eraginari buruzko adierazpenean ezarri zizkion zenbait babes eta konpentsazio neurri.
Jaurlaritzaren erabakia gaur argitaratu da EAEko aldizkari ofizialean. Ebazpenak apirilaren 11ko data du, eta egun berekoa da Laminoria zentral eolikoari aurretiko administrazio baimena ukatzen dion ebazpena ere. Izen bereko proiektua Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako (Araba) lurretan egin asmo zuen Aixeindarrek. Joan den asteazkenean publikatu zen parke eolikoaren kontrako erabakia aldizkari ofizialean. Azken egitasmo horrek Jaurlaritzaren ingurumen eraginari buruzko kontrako adierazpena jaso zuen, biodibertsitatean eragiten zituen kalteak gehiegizkoak zirela iritzita.
Larragorri
EH Bildu Larragorri egitasmo eolikoaren aurka agertu da gaur. Herenegun jakin zen Jaurlaritzak aurretiko administrazio baimena onartu ziola Laudioko (Araba), Amurrioko (Araba) eta Orozkoko lur eremuak hartuko lituzkeen azpiegiturari, baina, koalizioaren iritziz, azpiegiturak ez lituzke «gutxieneko eskakizunak» beteko. Horien artean aipatu ditu izapidetzea gardena izatea; enpresa sustatzaileak tokiko erakundeen, eragileen eta herritarren ekarpenak aintzat hartzea; argindarra prezio justuan eskaintzea, eta jabegoa konpartitzea.
EH Bilduren esanetan, proiektuari buruzko informazio gutxi dago eskuragarri, eta Amurrioko, Laudioko eta Orozkoko udalei eskatu die harremanetan jartzeko Green Capital enpresa sustatzailearekin eta Jaurlaritzarekin, informazio gehiago eskuratu eta herritarren esku jartze aldera.
Eusko Jaurlaritzari, berriz, «berriztagarrien hedapena ordenatzeko daukan eskumenari» heltzea galdegin dio, «udalen gain utzi gabe bere utzikeriak eragindako anabasaren ondorioak».