Eusko Jaurlaritzak orain urtebete iragarri zuenez, irailaren 21a da COVID-19aren ondorioz hildakoak gogora ekartzeko eguna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur dute horretarako eguna, beraz, eta, hain zuzen ere, Jaurlaritzak omenaldia egin du Gasteizko Sempervirens parkean. Iaz, sekuoia bat landatu eta oroigarri bat jarri zuten biktimen omenez; hantxe bildu dira.
Aurten, gainera, azpimarratu dute omenaldia «biktima guztientzat» dela: hildakoei ez ezik, haien senitartekoei eta izurritean hainbat arlotan lan egin duten profesionalei ere eskaini dizkie hitzak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Halaber, gizarteak pandemian erakutsi dituen «konpromisoa eta elkartasuna» nabarmendu ditu, eta adierazi du horiek bizirik mantentzeko nahia dutela. «Biktima bakoitzarekiko enpatia gorpuzten eta oroimenean sustraitzen laguntzen digu», azaldu du Urkulluk.
Halaber, esperantzaz mintzatu da lehendakaria, datorrenari so. «Etorkizunari itxaropenez begiratzen diogu, iraganeko esperientzia eta gehien sufritu dutenekiko elkartasuna ahaztu gabe».