Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak

Jaurlaritzak dio ez duela «mugimendurik» egingo

Idoia Mendia eta Rodolfo Ares sailburuek uste dute «pilota ETAren teilatuan» dagoela

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«ETAk indarkeria behin betiko utzi artean ez dugu aurreikusten geuk mugimendurik egiterik». Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak esan ditu hitzok, Donostiako nazioarteko konferentziaren inguruan galdetu diotenean. Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako «ibilbide orriari» jarraituko dio Jaurlaritzak, Mendiak azaldu duenez.

Gobernu kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Mendiak esan du Aieteko agiriaren lehen puntua «positiboa» dela eta ETAk indarkeria uzten badu «beste esparru batzuetan» aurrera egin ahal izango dela. Mendiaren ustez, konferentziaren ostean jada ez da inor gelditzen ETAren amaieraren eskaerarekin bat egiten ez duenik. Hortaz, gaineratu du orain ETAk hitz egin behar duela: «Pilota ETAren teilatuan dago».

Esaldi bera azpimarratu du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak konferentziaren inguruan hitz egin duenean. Aresen ustez, indarkeria amaitzeko eskaera «ahobatezkoa» da gaur egun, eta, beraz, «pilota ETAren teilatuan dago». Armak utzi eta «desegin» beharko luke erakunde armatuak, haren ustez.

Sailburuaren arabera, ezker abertzalearentzat eta Gernikako Akordioaren sinatzaileentzat beharrezkoa zen nazioarteko konferentzia egitea, haren bidez ETAri indarkeria uzteko bidea irekiko zitzaielako. Dena dela, ohartarazi du indarkeria azkenetan badago ez dela izan «hiru orduko konferentzia bati esker»; «Zuzenbide Estatuaren irmotasunari, polizia jarduerari eta indarkeriaren deslegitimazio etiko eta politikoari esker baizik».

Jaurlaritzak ez du bere egingo konferentzian esandakoa, eta bere «bide orriari» jarraituko dio, Aresen arabera. «Biltzarraren agiriaren edukia norbaitena bada, nazioarteko bitartekariena eta konferentziaren antolatzaileena da, ez gurea».

Arabako PSE-EEko idazkari nagusi Txarli Prietok esan du alderdiak soilik agiriaren «lehenengo puntua» bere egiten duela, nahiz eta ez den ETAren amaiera behar besteko «irmotasunarekin» eskatu. Prietoren esanetan, «drama da muturreko abertzaleek ETAri bere amaiera eskatu behar ziotela konturatzeko 34 urte behar izatea». Hala ere, «beti da ona» ETAren amaiera eskatzea, haren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.