Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea Euskal Herrira etortzekoa da ostiralean. Lehenik Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin biltzekoa da, eta gero Gernika-Lumora (Bizkaia) joatekoa da, 1937an Francok agindu eta naziek exekutatu zuten bonbardaketan hildakoak oroitzeko. «Keinu horrek adiskidetzearen balioa azaleratzen du», Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunaren esanetan.
Espainiako errege Felipe Borboikoa ere etortzekoa da Gernikara, Steinmeierrekin batera. Ubarretxenak esan du lehen aldia dela estatuburu batek Gernika bisitatzen duena. Lehen aldia da bonbardaketa dela medio bisitatzen duena, baina beste estatuburu bat, Juan Carlos Borboikoa izan zen Gernikan —Espainiako aurreko erregea, Feliperen aita—. Hain zuzen, 1981ean, Gernikako juntetxean izan zen, errege gisa Euskal Herrira egin zuen lehen bisita ofizialean. Eusko gudariak kantatuz erantzun zioten orduko Herri Batasuneko ordezkariek.
Steinmeierren bisitan ardaztu du esan beharrekoa gaur Ubarretxenak. Bonbardaketan hildakoak omentzea eta senideei elkartasuna adieraztea da bisita horren helburua, esan duenez.
Jaurlaritzako eledunak Maria Jesus San Jose Justizia sailburua alboan zuen gaurko agerraldian, eta hark ere baikorki hartu du bisitaren albistea: «Txalotzekoa da inoiz gertatu behar ez zuen bonbardaketa baten biktimak oroitzea».
Azken egunotan, Imanol Pradalesek Espainiako Gobernuari eskatu dio Alemaniako Estatuak egingo duen antzeko keinuren bat egin dezala Gernikarekin. Bide horretan, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak gaur esan du ez dela Espainiako Gobernua bonbardaketengatik barkamena eskatu behar duena, «baizik frankismoaren ondorengoak». San Josek hitz horiek berretsi ditu.
Izan ere, 2022an Espainiako Gobernuak gaitzetsi zuen Gernikako bonbardaketa, eta, lehen aldiz, ordezkaritza bat bidali zuen urtero bonbardaketaren harira egiten den ekitaldi ofizialera. EAJk ontzat jo zuen hura.