Datorren ostiralean Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier Gernikan izango da 1937ko bonbardaketan hildakoak gogorarazteko. Alemaniako Gobernu Federalak 1997an aitortu zuen eraso hartan izan zuen erantzukizuna, eta barkamena eskatu zuen eragindako biktimengatik. Espainiak ez du halakorik egin oraindik, ordea. Bada, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aitortza eta erreparazio keinu bera egiteko eskatu dio Madrili, gaur, Eusko Legebiltzarrean.
Kontrolerako saioan EAJren galdera bati erantzunez egin du eskaria. Izan ere, atzo 50 urte bete ziren Francisco Franco diktadorea hil zenetik, eta Pradalesek urteurrena baliatu nahi izan du Madrili gogorarazteko ez duela bere gain hartu diktadura garaiko «bidegabekerietan» izan zuen erantzukizuna. Lehendakariaren arabera, Espainiako estatuak «zor handia» du oraindik Euskal Herriarekin: «Gure herriari zor zaion errespetua horretan ere erakutsi beharra dauka».
Pradalesek adierazi du gaur egungo gobernuak ez duela zerikusirik ordukoarekin, baina iritzi dio hari dagokiola «egia eta justizia» keinuak egitea. Eta, hain zuzen ere, Alemaniako Gobernu Federala aipatu du eredu gisa, haren presidenteak «erreparazio eta aitortza» ekitaldian parte hartuko baitu datorren ostiralean. «Batzuek gogoan hartu beharko lukete», esan du.
Eta azpimarratu du hori bera egiteko eskatzen diotela Espainiako Gobernuari ere, «ez gehiago eta ez gutxiago», haiek baitira bonbardaketa hura agindu zutenen egungo ordezkariak. «Besterik gabe, egia eta justizia aldarrikatzea da, askatasunarekiko eta demokraziarekiko konpromisotik abiatuta». Erantsi du, hori bai, horrek «esanahi berezia» duela Gernikaren kasuan.
«Garai ilunak»
Hain justu ere, Alemaniako estatuburu bat Gernikara joaten den lehen aldia izango da datorren astekoa. Steimerrek Gernikako Batzar Etxea eta Gernikako Arbola bisitatuko ditu, besteak beste. Bada, hark 2023an esandako hitzak ekarri ditu gogora gaur Pradalesek, adierazi baitzuen «Alemaniako demokrazia diktaduraren, gerraren eta genozidioaren itzalean» sortu zela. Eta gogorarazi du «iraganeko lezioak» gogoraraztearen aldekoa dela Steimerrek, «askatasuna ahulduko duten okerrak» berriz ez egiteko modua delakoan.
Pradalesek eredu horri jarraitzeko beharra aldarrikatu du. Eta Espainiari esan dio «Euskadiren berezitasunak» errespetatzen baditu elkarrekiko harremanak «hobeak» izango direla. «Adostutakoa betetzea izan da beti elkarbizitzarako eta aurrerabide komunerako formularik onena, eta alderantziz», nabarmendu du, Gernikako Estatutua gogoan hartuta. Oharra ere egin dio, eta oroitarazi berezitasun horiek ukatu diren aldietan izan direla «atzerapauso handienak», frankismo garaian, alegia: «Ikasgai historikoa da, eta ez da ahaztu behar».
Garai horiek itzul daitezkeela ere esan du lehendakariak, baina adierazi du diktadura garaian bezala Euskal Herriak ez diola uko egingo bere herri kontzientziari eta bere nortasunari. «Francoren diktadurak gure lurraldea konkistatu zuen, baina ez gure espiritua. Gure nortasuna bizirik mantentzeko eta herrialde gisa hazteko borondate hori konstante historiko bat da. Horrela izan da, eta hala izaten jarraituko du, garai ilunetan ere».