Ostiralean gauzatuko den eskumen aldaketaren atarian, Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako langileen lan baldintzak zehazteko akordio bat sinatu du gaur ACAIP-UGT sindikatuarekin, funtsean, langileen orain arteko baldintzak datozen bi urteetan mantenduko dituena. Sektoreko gehiengo sindikala adostasun horretatik kanpo geratu da, ordea, negoziazio mahaian eserita zeuden ELA eta CCOO sindikatuek ez baitute Jaurlaritzak eginiko proposamena onartu.
Jaurlaritzak azaldu duenez, ACAIP-UGT sindikatuarekin lorturiko akordioak 2023aren amaierara bitarte «negoziatzen jarraitzeko eta espetxeetako lanpostuak zehazteko» aukera emango du, urriaren 1ean gauzatuko den espetxe eskumenen transferentziari «esparru juridiko egonkor eta argi» bat eskaintzen dion bitartean. Halaber, sindikatuak adierazi du sinaturiko dokumentua ez dela negoziazioaren amaiera, «lan baldintzak ezartzeko hasiera baizik».
Hala, Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak iragarri du espetxeetako langileen lanaldiak, ordutegiak eta baimenei dagozkien baldintzak berdinak izango direla datozen bi urteetan ere. Soldatak ere, oro har, berdinak izango direla jakinarazi du, eta «beharrezkoa den kasuetan» erkidegoko administrazio publikoaren gutxiengoko baldintzetara egokituko direla eta horrek zenbait langileri soldata igoera bat ekarriko diela gehitu. Gainera, administrazio berriarekiko parekatze horrek langileen antzinatasunaren arloan ere «zenbait aldaketa positibo» eragingo dituela nabarmendu du Jaurlaritzak, besteak beste.
Adosturiko baldintzek, ordea, ez dute lortu gehiengo sindikala osatzen duten gainerako sindikatuen onespena, eta ELAk eta CCOOk sektoreko ia 700 langileen baldintzak hobetuko dituen beste akordio bat lortzeko lanetan jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute.
«Estatuko ereduari jarraika»
Mahai sektorialaren bilera egiten ari ziren bitartean, ELAk protesta egin du goizean, Lakuan, Jaurlaritzak ACAIP-UGTrekin itxitako akordioa gaitzetsi eta «euskal espetxe sistema propioa» aldarrikatzeko. Sindikatuaren arabera, sinaturiko dokumentuarekin, Jaurlaritzak «behin eta berriz aldarrikatu duen eredu aldaketa hipotekatzen du», eta azpimarratu du aurkezturiko dokumentuak ez duela administrazio sektorialaren ordezkaritzaren %15 ere lortu. Horiek horrela, akordioa «gutxiengoan» eta «printzipio demokratikoak eta langile publikoek legitimoki hautatutako gehiengoak errespetatu gabe» sinatu izana leporatu dio ELAk Jaurlaritzari.
Akordioaren edukiei dagokienez, «estatuko ereduari» bide ematen diotela adierazi du sindikatuak, eta eredu propio baten alde egiteko neurriak albo batera utzi direla nabarmendu du. Besteak beste, ELAk salatu du sinaturiko dokumentuan ez dela «jada eskasak diren lantaldeak» handitzeko lan eskaintza publikoa planteatu, pribatizazioari «atea are gehiago irekitzen» zaiola, ez direlakontuan hartu langileen kolektiboak egindako eskaerak eta ez dela txertatu euskalduntze eta berdintasun planen hasiera.
Halaber, sindikatuak gaineratu du espetxe sistema propio baten alde «borrokan» jarraituko duela, «iraganeko hipotekarik gabekoa» izan eta «askatasunik gabeko pertsonen gizarteratzea» bilatuko duena, eta helburu hori soilik «kolektiboaren eskaerak kontuan hartuz» lortu ahalko dela ohartarazi du.