EEPk eta Jaurlaritzak 2,5 milioi euro inbertituko dituzte aurten Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko

Iaz baino 540.000 euro gehiago izango dira. Euskararen Erakunde Publikoak 1.970.000 euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, 500.000 euro.

Maider Behotegi eta Aitor Aldasoro, programa sinatzeko ekitaldian. EEP
Maider Behotegi eta Aitor Aldasoro, programa sinatzeko ekitaldian. EEP
edurne begiristain
2026ko apirilaren 10a
14:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak indartu egin dute Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko lankidetza: aurten 2,47 milioi euro jarriko dituzte Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko, iaz baino 540.000 euro gehiago. Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak gaur eman dute aurtengo lankidetza hitzarmenaren berri, Baionan.

Aldasorok azpimarratu du euskararen garapena «elkarlanean» egin beharreko jauzia dela, eta baliabide ekonomikoak funtsezkoak direla horretarako. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko ekarpena egingo du aurten, iaz baino 100.000 euro gehiago. Behotegik, berriz, azpimarratu du lankidetzak aukera ematen duela esperientziak partekatzeko eta hizkuntza politiken osagarritasuna sendotzeko, eta nabarmendu du 2026ko funtsa handitzeak «bi erakundeen engaiamendu zehatza» erakusten duela. 

Gaur aurkeztutako programa 2025eko apirilaren 4an sinatutako esparru hitzarmenaren ondorio da. 2007an hasitako lankidetza instituzionalaren bosgarren akordioa da, eta helburua da euskararen inguruko hizkuntza politiketan elkarlana sendotzea.

2026rako programak zenbait ardatz ditu: helduen euskalduntzea eta alfabetatzea, euskararen adierazle sistema garatzea, hizkuntza teknologietan elkarlana —bereziki euskararen eta frantsesaren arteko itzulpen neuronalean— eta VIII. Inkesta Soziolinguistikoaren prestaketa. 

Hitzartutako 2,47 milioi euroko diru funtsa bi multzotan banatuko da: 2,3 milioi euro hitzarmen bidezko eragile pribatuentzat izango dira, eta gainerako 170.000 euroak diru laguntzen deialdi ireki baten bidez banatuko dituzte, euskararen transmisioa eta erabilera sustatzen duten proiektuetarako. Ekarpenei dagokienez, Euskararen Erakunde Publikoak 1,97 milioi euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, 500.000 euro.

Ardatz nagusiak

Helduen euskalduntzearen arloari dagokionez, adostu dute baliabide pedagogikoen eta metodologien inguruko informazioa partekatzen jarraitzea. Hala, Ingura izeneko euskara ikasteko ingurune digitala egokitzen jarraituko dute Ipar Euskal Herriko ikasleen beharretara, nazioarteko lankidetza programen laguntzaz.

Horrez gain, euskararen egoera eta bilakaera neurtzeko adierazle sistema garatzen jarraituko dute elkarlanean. Helburua da tresna bateratu bat izatea, lurralde bakoitzaren errealitate soziolinguistikoa hobeto jasoko duena. 2026an, adierazleen egokitzapenean eta sistemaren garapenean sakonduko dute, eta datuak biltzeko eta zabaltzeko tresnak hobetuko dituzte.

Hizkuntza teknologien arloan, lankidetza estrategikoa sendotuko dute. Bereziki, euskararen eta frantsesaren arteko itzultzaile neuronalaren garapenean jarraituko dute lanean, «corpus linguistikoak aberastuz eta terminologia bankua elikatuz».

Gainera, 2026an zortzigarren Inkesta Soziolinguistikoa prestatzen hasiko dira. Urtean zehar galdetegiak diseinatuko dituzte, lagina zehaztuko dute eta lana antolatuko dute. Inkestaren helburua da euskararen ezagutza, erabilera eta harekiko jarreren inguruko datu eguneratuak eskuratzea, etorkizuneko hizkuntza politikak oinarri sendoagoz diseinatzeko.

Era berean, 2026ko Hizkuntza Jarduera Proiektuen deialdia zabalik dago jada. Ipar Euskal Herrian euskararen alde lanean diharduten eragile pribatu guztiek aurkez dezakete eskaera maiatzaren 7ra arte. Ebazpena ekain amaieran emango da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA