Jaurlaritzak euskaraz eskolatu nahi ditu etorkinen ume txikiak

Ikasle Etorkinei Hezkuntza Arreta Emateko II. Plana aurkeztu du Hezkuntza sailburuak. 'Matrikula bizien' desorekak gaindituz joateko neurriak hartuko dituela esan du Uriartek

Atzerritar jatorriko ikasleei eragiten die epez kanpoko eskolatzeak. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko martxoaren 3a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Eusko Jaurlaritzak etorkinen seme-alabak eskolatu nahi ditu eredu euskaldunetan ikastea «errazten» duten ikastetxeetan. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan sartzen diren ikasleak izango dira horiek, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu duenez. Eskola Inklusiboaren eta Kultura Artekoaren Eremuan Ikasle Etorkinei Hezkuntza Arreta Emateko II. Plana aurkeztu zuen atzo sailburuak —2016-2020 aldirakoa—.

Haren iritziz, «D ereduaren alde egitea integrazioa bultzatzeko modu bat da. Erraztasun handiagoa izango dute euskara ikasteko». Oinarrizko Heziketako bigarren ziklotik aurrera sartzen diren ikasleen kasuan, ordea, beste faktore batzuk hartuko dituzte kontuan, hala nola adina, aurretiko eskolatzea eta hizkuntza konpetentzia. Hezkuntza Sailak aurkeztu duen plana beste zenbait ekinbiderekin batera garatuko da; izan ere, Eskolatze Batzordeen jarduera arautzen duen ebazpen berri bat onartu zuten atzo. Batzordeon zeregina da matrikulazio epez kanpo iristen diren ikasleak eskolatzea; matrikula biziak esaten zaie horiei.

Hezkuntza Sailaren ebazpenak «garrantzizko» elementuak jasotzen ditu: eskolatze orekatua eta proportziozkoa egin beharko dute eremu bereko ikastetxe guztiek; irakasleentzako prestakuntza eskaintza zabaltzen jarraituko dute, kultura aniztasunari arreta eskaintzeko eta hizkuntza errefortzurako; ez dira ikasgela berean sartuko Eskolatze Batzordearen bidez eskolatutako bi ikasle baino gehiago, baldin eta eremu horretan edo eremu mugakideetan bestelako aukerarik badago.

Matrikula bizien gai horrek kritikak eragin ditu egunotan. Gasteizko euskal eskola publikoaren aldeko plataformak, esaterako, eskolatze horiekin «desoreka sakona» dagoela salatu berri du, eta Jaurlaritzari eskatu dio neurriak hartzeko: batetik, eskolatze horiek bere gain har ditzaten «diru laguntza publikoa» jasotzen duten hiriko ikastetxe guztiek; eta, bestetik, ikastetxeen baldintzek eragin ez dezaten atzerritar jatorrikoak eta familia txiroak ikastetxetik kanpo geratzea.

Plataformak nabarmendu egin ditu matrikula bizien datuak: «Azken hiru ikasturteotan, ikastetxe publikoek itunpekoek baino hiru aldiz matrikula bizi gehiago izan dituzte: publikoek, 1.870 matrikula; eta, itunpekoek, 595 matrikula. Joan den astean argitaratu zituen datuok Eusko Jaurlaritzak».

Uriarte sailburuak, ordea, azaldu du planaren helburua dela «ikasle guztien» garapen integrala, betiere aniztasunari arreta ekitatetik eta begirada bikaintasunean jarrita ematen dion eskola inklusiboaren barruan. Matrikula biziekin dagoen desoreka gainditzeko, Hezkuntza Sailak «pixkanaka» aplikatuko ditu neurri berriak. Ildo horretan, sailburuak ez ditu ulertzen jasotako kritikak: «Iaz aurkeztu zizkiguten puntuak kontuan izan ditugu plana egiteko orduan, eta prest gaude haiekin lan egiteko. Eta neurriak hartzen ari gara».

«Egitasmo berriak»

Ikasle Etorkinei Hezkuntza Arreta Emateko II. Planak hiru esku-hartze esparru dauzka: arauemailea eta informazio emailea, planifikazioa, eta berrikuntza. Dagoeneko aplikatzen hasita dauden neurriez gain, II. planak egitasmo berriak garatu ahal izateko egutegia ere jasotzen du. Hezkuntza Sailak hainbat ekintza aurreikusten du. Hasteko, 2018-2019ko ikasturterako dekretu berria izango du: bere aplikazioa ikasturtea hasia dela onartzen diren ikasleengana ere hedatuko da. Era berean, elkarren ondoan dauden eta ikasle profil desberdina duten ikastetxe publikoak batu nahi dituzte.

Hizkuntza errefortzuko irakasleen irizpideetan eta profilean ere sakonduko du Hezkuntza Sailak. Kultura aniztasunari dagokionez, irakasleen prestakuntza hobetu nahi du. Gainera, bigarren belaunaldia deituriko errealitatea landu nahi du: «Ikasle horiek ez dira etorkinak, baina berariazko hezkuntza premiak izan ditzakete».

2016an osatu dute II. plan hori eta, Hezkuntza sailburuaren arabera, hezkuntza eta gizarte arloetako hainbat elkartek eginiko ekarpenak jasotzen ditu. «Euskal Hezkuntza Sisteman ikasle etorkinen kopurua handitu ahala, 2003-2004ko ikasturtetik neurri asko hartu dira azken hamarkadan eskola inklusiboa bultzatzeko eta aniztasunari tratamendu egokia eskaintzeko».

Uriarteren iritziz, azken hiru ikasturteetan etenik gabe lan egin da Heziberri 2020 planaren barruan, bere Hezkuntza Eredu Pedagogikoaren bidez eta, 2016-2020ko aldian, EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren bidez, azken horrek «eraginkor» bihurtzen baitu aurrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.