Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarraren esku utzi du aurrekontu proposamena, eta martxan da hura tramitatzeko egutegia

Datorren astean, sailburuek aurrekontuak xehatuko dituzte legebiltzarreko batzordeetan. Abenduaren 23rako espero da behin betiko bozketa.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren esku utzi ditu Noel D'Anjou Finantza sailburuak aurrekontuak. EUSKO LEGEBILTZARRA
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren esku utzi ditu Noel D'Anjou Finantza sailburuak aurrekontuak. EUSKO LEGEBILTZARRA
2025eko urriaren 30a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behin gobernuak Eusko Legebiltzarraren esku aurrekontu proposamena utzita, tramitatzeko egutegia martxan jarri da. Gaur egin du hori Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Finantza sailburuak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariari aurrekontuak eramanda. D'Anjouk esan du aurrekontuak «zerbitzu publikoen gainean» egituratzen direla.

Datorren astean aletuko dituzte legebiltzarrean sailez sail aurrekontu proposamenak, eta gero hasiko dira negoziazioak alderdiekin. EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dute euren kabuz aurrekontuak aurrera ateratzeko, baina negoziatzeko prest direla azaldu dute. Halaber, Joseba Diez Antxutegi EAJko Eusko Legebiltzarreko eledunak esan du ez direla «lokatzetan sartuko» beste alderdiekin negoziatzeko orduan. Herritarren lehentasunak etxebizitza, segurtasuna eta osasuna direla gehitu du, eta sail horietan handitu dela gehien aurrekontua.

D'Anjouk esandakoari heldu zion Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak, D'Anjouk ekainean esan baitzuen aurrekontu proiektua alderdi politikoekin landuko zuela gobernu kontseiluak onartu aurretik, eta Otxandianok adierazi du ez dutela hala egin: «Jaurlaritzak ez du aurrekontu proiektua EH Bildurekin landu. Are gehiago, EH Bilduk Jaurlaritzari egindako proposamenek ez dute erantzunik jaso». Otxandianoren esanetan, konfiantza politikoa eraikitzea zailtzen dute halakoek. Konfiantza giro hori lortze aldera, «tonua apaltzeko» eskatu zion, berriz, D'Anjouk Otxandianori.

Sumarrek uste du lehengo ildo bereko aurrekontuak direla, eta ez dutela eraldaketarik proposatzen, baina negoziatzeko prest agertu zen.

egutegia

  • Azaroak 3, 4, 5 eta 6. Jaurlaritza osatzen duten hamasei sailek, banan-banan, dagokien aurrekontu proposamena aletuko dute Eusko Legebiltzarreko batzordeetan. 
  • Azaroak 11. Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte.
  • Azaroak 27. Zuzenketak aurkezteko epearen amaiera.
  • Abenduak 3. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak zuzenketak aztertuko ditu.
  • Abenduak 9. Eusko Legebiltzarrean osoko zuzenketak aztertzeko bilkura izango da.
  • Abenduak 12. Eusko Legebiltzarrean osoko zuzenketak aztertzeko bilkura izango da.
  • Abenduak 23. Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko dituzte aurrekontuak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.