EH Bilduk aurrekontuetarako proposamena egin die EAJri eta PSE-EEri, etxebizitza ardatz hartuta

Xedea da hamar urteren buruan «etxebizitza larrialdiari egiturazko irtenbide bat ematea». Akordioa lortuz gero, Jaurlaritzaren eta hiru aldundien aurrekontuak babestuko lituzke EH Bilduk.

EH Bilduko Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean. L. RICO / EFE
EH Bilduko Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean. L. RICO / EFE
gotzon hermosilla
2025eko urriaren 22a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk aspalditik egina du Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien aurrekontuak batera negoziatzeko proposamena, eta oraingoan beste urrats bat egin du bide horretan: jakinarazi duenez, erakunde arteko proposamena egin die EAJri eta PSE-EEri, etxebizitzaren arazoa ardatz hartuta, alor horretan Jaurlaritzak, aldundiek eta udalerriek hartu beharreko zenbait neurrirekin. Helburua da, koalizioak azaldu duenez, hamar urteren buruan «etxebizitza larrialdiari egiturazko irtenbide bat» ematea. Proposamenaren inguruan ados jartzeak ekarriko luke EH Bilduk aurrekontuen alde egitea Eusko Legebiltzarrean zein hiru herrialdeetako batzar nagusietan.

Proposamenean, Jaurlaritzak, aldundiek eta udalerri nagusiek hartu beharreko zenbait neurri agertzen dira, EH Bilduk uste baitu etxebizitza larrialdia konpontzeko beharrezkoa dela erakunde guztiek «modu guztiz bateratuan jardutea, etxebizitza politika publiko integrala inplementatzeko». 

Neurri nagusia da etxebizitza publikoak sustatzeko funts sozial bat eratzea. Jaurlaritzak mila milioi euro jarriko lituzke funts horretan, eta zorpetzetik eskuratuko luke diru hori. EH Bilduren iritziz, hori egingarria da, Jaurlaritzak adostu baitu Espainiako Gobernuarekin zorpetze marjina 2.000 euro handitzea. Mila milioi euro industria sarea indartzeko erabiliko du Jaurlaritzak, eta EH Bilduk uste du gainerako mila milioiak etxebizitza politika publikora bideratu behar direla, «gaur egun ondorio sozial eta ekonomiko larrienak dituen arazoa baita».

Jaurlaritzak mila milioi horiek jartzeaz gain, beste mila milioi euro arteko funts gehigarriak lortzen ahaleginduko litzateke, Europako Inbertsio Bankuarekin eta Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuarekin hitzarmenak sinatuta. Gainera, lankidetza bilatu beharko luke interes sozialeko entitate pribatuekin. Funts sozialarekin lortu beharreko xedea da hamar urtean jabetza publikoko 30.000 etxebizitza babestu sustatzea, nagusiki alokairura bideratutakoak.

Alokairuen prezioei muga

Gainera, hiru lurraldeetan alokairuen prezioei muga ezartzea proposatzen du EH Bilduk, hiru hilabeteko epean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «tentsio handiko eremu» izendatuta.

Foru aldundiek hartu beharreko neurriak ere badaude EH Bilduren proposamenean: bigarren etxebizitzatik aurrerako eskualdaketen tasa %4tik %8ra igotzea, etxebizitzen alokairuetatik jasotako etekinen zergapetzea eta abar. Gainera, 15.000 biztanle baino gehiagoko udalerri guztietan hutsik dauden etxebizitzak erabiltzeko neurriak hartzea proposatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.