Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri du ez dutela Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan parte hartuko Espainiako Osasun Ministerioak «komunikazio eraikitzaile bat berrezarri» eta haien kezkei erantzun arte. Ministerioaren jarrera salatu du, «dagoeneko indarrean dagoenari buruzko iritzia ematen duelako eta ez duelako aurrera egiten berari dagokion horretan».
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean izan da gaur Martinez. Monica Garcia Espainiako Osasun ministroari leporatu dio «geldo» ibiltzea «medikuen defizita arintzeko» garaian. Gogoratu du ministerioaren «eskumen esklusiboa» dela hori, eta ez dutela Jaurlaritzak egindako proposamen bakar bat ere kontuan hartu. Are, adierazi du eurek lankidetzan aritzeko jarrera erakutsi dutela.
Martinezek zehaztu duenez, osasun sistema indartzeko «neurri zehatzak» proposatu dituzte, hala nola irakaskuntza unitateak handitzea, BAME barruko mediku egoiliarren lanpostu kopurua gehitzea eta erretiro adina atzeratzea. Horrez gain, «euskara osasun arloko profesionalentzat errotzeko elementu gisa» defendatu dute. Sailburuak jakinarazi du BAME deialdian euskaraz jakitea balioetsia izatea proposatu dutela, baina ministerioak hura «gaitzetsia» duela, «arbitrarioki». Osasun Sailaren arabera, «kontraesana» da hizkuntza ofizialetan artatua izateko eskubidea bermatuta dagoela esatea eta, aldi berean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskubide hori indartuko duten neurri zehatzen alde ez egitea.
169 milioi euro
Kohesioa Finantzatzeko Informazio Sistemaren kudeaketa ere kritikatu du Martinezek. Funts bat da, autonomia erkidego bateko herritarrek beste autonomia erkidegoetan jasotzen duten osasun arreta ordaintzeko. Azaldu duenez, oro har 312 milioi euro kudeatzen dituzte, eta Jaurlaritzak horietatik 169 milioi euro ordaintzen ditu: «Hau da, biztanleen %5ek faktura osoaren %60 hartzen dute euren gain».
«Kontuan hartuta Osasun Ministerioak ez diela erantzun esanguratsurik eman gure eskaerei, eta kontuan hartuta osasun erronkei aurre egiteko zein garrantzizkoa den elkarrizketa eraginkorra izatea, erabaki dugu Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan ez parte hartzea komunikazio eraikitzaile bat berrezarri eta gure kezkei erantzun arte», ohartarazi du Martinezek. Haren arabera, Eusko Jaurlaritzak adierazitako eskaerak eta kezkak ez dituzte kontuan hartu, eta horrek zaildu egin du «osasun sistemaren erronkei eta profesionalik ezari eraginkortasunez aurre egiteko gaitasuna».