Jaurlaritzak indargabetu egin ditu hileten eta azoken debekuen legeak

«Pandemiaren bilakaera kontuan hartuta», Osasun Sailak bertan behera utzi ditu azken asteetan ezarritako lau lege. Bestalde, beste 73 kasu eta hamasei hildako baieztatu dira Hegoaldean.

Langile bat Gasteizko Lakua Hotela desinfektatzen atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 6a
13:53
Entzun

«Konfinamenduaren arintze progresiboaren testuinguruan», Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak indarrik gabe utzi ditu, gaur, COVID-19aren pandemiaren ondorioz hartutako ezohiko lau neurri. Hala adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak, baina konpromisoari eusteko eskatu die herritarrei, osasun zerbitzuek koronabirus kasu berriak baieztatzen baitihardute oraindik ere.

Bertan behera geratu dira, besteak beste, eztabaida gehien sortu duten neurrietako bi: hiletak eta azoka eta feria tradizionalak egitea debekatzen zutenak. Jaurlaritzak martxoaren 26an ezarri zituen hileta osasunaren arloko ezohiko neurriak, tanatopraxiako esku hartzeei zein gaubeilei eta zeremonia zibil eta erlijiosoei buruzkoak (hiletak barne). Nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaiak eta produktuak zuzenean saltzeko azoka eta feria tradizionalak, berriz, apirilaren 6an debekatu zituen Lakuak.

Osasun Sailak indarrik gabe utzi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zentro pribatuak mugatzen zituen legea ere. Arau horrek modua ematen zien erakunde publikoei pandemia borrokatzeko beharrezko baliabide pribatuak erabiltzeko, eta pribatuak, berriz, behartu egiten zituen pandemia transmititzeko arriskua areagotu zezaketen zerbitzuak atzeratzera. Hala, zentro pribatuek aurrerantzean posible izango dute euren jardun programatuarekin hastea.

Horretaz gain, Jaurlaritzak indargabetu egin du zuzendaritza batzordea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako baliabide guztiak kudeatzeko eta koordinatzeko eskumena eman ziona. Martxoaren 18tik zebilen batzorde hori behar horretan.

Azkenik, Murgak eskerrak eman nahi izan dizkie azken asteetan osasun zerbitzuek erabili dituzten hainbat hoteletako eta apartamentutako langile eta jabeei. Gasteizko Lakua hotela nabarmendu du: 187 paziente jaso ditu, eta amaituak ditu desinfekzio lanak.

Azken egunetako joera

Jaurlaritza erabaki horiek hartzera bultzatu duten datuei dagokienez, azken egunetako joerak baieztatu dira gaur ere. Hego Euskal Herrian, beste hamasei hildako baieztatu dira (atzo baino bat gutxiago), eta 1.840 dira koronabirusak hildakoak. PCR bidez beste 73 kasu baieztatu zituzten atzo osasun zerbitzuek, eta, beraz, 17.974 dira Hegoaldean test horretan positibo emandako pertsonak.

Oraindik ere ospitalean daudenak, berriz, 746 dira; horietako 117 zaintza intentsiboetako unitateetan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.