Ordizian (Gipuzkoa) izan zen agerraldiaren ondorioz, uztailaren 8an neurri murriztaileak ezarri zituen Jaurlaritzako Osasun Sailak, ostalaritzaren jarduera mugatzeko. Ordutik, taberna eta jatetxeen edukiera %50era murriztu da, eta 23:30ak arte ireki dezakete gehienez ere. Gainera, ezin da barran kontsumitu. Gauerditik aurrera, ordea, bertan behera geratuko neurri hori.
Azken astean, lasaigarriak izan dira Ordizian koronabirusari dagozkion datuak. Uztailaren 15etik 21era, hamasei kasu atzeman dituzte herrian, eta, ondorioz, Osasun Sailak ez du beharrezkoa ikusten neurri zorrotz horiei eustea. Bestalde, Eibarren, Tolosan, Zarautzen (Gipuzkoa) eta Ermuan (Bizkaia) indarrean jarraituko dute murrizketek.
Ermuko agerraldia, "kontrolpean"
Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak adierazi du herrian izandako agerraldia "kontrolpean" dagoela, eta lasaitasun mezua helarazi die herritarrei. Halere, alkateak gogorazi du aste honetan ospatzekoak ziren jaiak bertan behera geratu direla, eta edozein "ospakizun alternatibo" zigortua izan daitekeela.