Jaurlaritzak ontzat jo du BERRIArekin duen laguntza hitzarmena berritzea

Gaurko gobernu kontseiluan erabaki dute 13,8 milioi euroko diru laguntza ematea Euskal Editoreari. Lau urteko indarraldia izango du diru laguntzak.

BERRIA egunkaria, hainbat plataformatan, 2019an. BERRIA
BERRIA egunkaria, hainbat plataformatan, 2019an. BERRIA
arantxa iraola
2025eko azaroaren 18a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren gaurko gobernu kontseiluan erabaki dute Euskal Editorearekin duten laguntza hitzarmena berritzea, aurrerantzean ere BERRIA egunkaria argitaratu dadin, paperean eta Interneten. Hiru urteko indarraldia zuen aurreko itunak, eta laukoa izango du oraingo honek: epealdi horretan 13,8 milioi emango dizkio Eusko Jaurlaritzak komunikazio proiektuari. 

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak argudiatu du «estrategikoa» dela hedabide hau euskararen normalizazio prozesuan. «Euskal Herriko euskarazko egunkari orokor bakarra da. BERRIA sortu zenetik paperean nahiz alor digitalean gizarteari zerbitzua ematen dio, eta bere plan estrategikoan lehentasunezko helburutzat jasotzen da kalitateko informazioa, profesionala eta irekia eskaintzea».

Eusko Jaurlaritzak gogoratu du bere helburuen artean justu euskarak hedabideetan duen presentzia «sustatzea» eta euskarazko hedabideak «indartzea» dagoela, eta hor aurrera egiten jarraitzeko garrantzitsua dela BERRIAren ekarpena. «Hala, hitzarmen honen babespean BERRIA proiektu komunikatiboaren baitako egunkariaren zein webgunearen jarduera informatiboa gauzatzeko beharrezkoak diren produkzio funtzionamendu, inprenta eta banaketa gastuak finantzatuko dira», erantsi du.

Jaurlaritzak gogoratu duenez, helburuen artean du, halaber, euskarak inguru digitalean duen presentzia sustatzeko programak eta ekimenak bultzatzea eta euskal kulturaren arloan dabiltzan organismoekin batera «euskarazko interes globaleko proiektuak garatzea», eta helburu horri atxikita ere ulertu behar da Euskal Editorearekin ituna.

Eusko Jaurlaritzak oraindik euskarazko komunikabideen arloan bi deialdi ditu ebazteko: hedabideena da bat, eta argitalpenena bestea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.