«Mugarri bat» jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Iratxe Sorzabal euskal presoa inkomunikazioaldian torturatu egin zutela epai batean jasota, Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkidearen irudiko, lehen aldia baita Auzitegi Nazionaleko epai batek torturak frogatutzat ematen dituena. Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuari galdetu dio ea Jaurlaritzak «neurri jakinik» hartu ote duen epai horren berri izan ostean: «Nire borondatea eta nire sailarena da orain arteko bidean lanean segitzea, orain arteko oinarrien gainean, demokraten jarduteko markoa zuzenbide estatua baita; hortik kanpo gaizkileak baino ez dihardute, gure demokraziaren oinarriak urratu nahi dituzten gaizkileak». Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan izan da galde-erantzuna.
Saez de Egilazek berriz eskatu dio erreparazio eta justiziaren bidean urratsak egin, eta tortura kasu gehiago aitortzeko, «Jaurlaritzak ezin du beste aldera begiratu, honek aldaketa gehiago eta sakonagoak ekarri behar ditu».
Hain zuzen, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen eskaeretako bat da EAEko aitortza eta erreparaziorako 12/2016 Legea denboran zabaltzea. Lege horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1978 eta 1999 bitartean izandako «motibazio politikoko indarkeria egoeran» giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen zaie. Baina 1999tik haragoko tortura kasuak lege horren barnean aintzat hartuz gero, beste hainbat eskabide bideratu ahal izango lirateke.
San Josek ez du, baina, orain arteko lan ildoan berrikuntzarik iragarri. Gauza bakarra esan du: Gogora ekitaldi sorta bat prestatzen ari dela ekainaren 26rako, torturaren kontrako nazioarteko eguna dela eta. «Nire saila abusu polizial horiek argitzeko lanean ari da, beste indarkeria politiko batzuk argitzeko diharduen moduan».
«Nire saila abusu polizial horiek argitzeko lanean ari da, beste indarkeria politiko batzuk argitzeko diharduen moduan»
MARIA JESUS SAN JOSE Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua
Zuzenbide estatuaren funtzionamendu onaren froga gisa aipatu du Espainiako Auzitegi Nazionalaren epai hori. «Inork ez du eskubiderik funtzionario gisa duen boterea erabiltzeko, eta legez kanpo jarduteko. Erabat gaitzetsi behar dugu giza eskubideen alde gauden orok. Kasu guztiak gaitzetsi behar dira, oinarrizko eskubideak urratzen baitira». Gehitu du «botere gehiegikeria» hori erabat salagarria dela, «estatu demokratiko baten zilegitasuna auzitan jartzera eramaten dutelako».
«Epaiaren garrantzi politikoa eta juridikoa»
Saez de Egilazek berretsi dio ez dela berria epai horretan jasotzen dena, «baina epai horren garrantzi politikoa eta juridikoa berriak dira». Gehitu duenez, «publikoa eta jakina zen Sorzabalek tratu gizagabea jaso zuela eta torturatuta lortutako deklarazioak erabili zirela hura zigortzeko. Denek dakigu milaka euskal herritar izan direla torturatuak agente polizialen eskuetan», baina tortura horien pean egindako deklarazioak urte askotan aintzat hartuak izan direla salatu du, eta horiek ez direla argitu; «are okerrago, zenbaitetan, saritu ere egin da».
«Zergatik ez da neurri anbiziotsuagorik hartu aitortza eta erreparaziorako? Zergatik ez esan mila euskal herritarren aurka biolentzia instituzionalizatua erabili dela, eta inpunitatea eta isiltasuna gailendu direla?»ERAITZ SAEZ DE EGILAZ
EH Bilduko legebiltzarkidea
Saez de Egilazek Bi arnas dokumentala ekarri du hizpidera. Asteartean eman zuten ETB1en. 2022an estreinatu zen, baina Kataluniako TV3 katean jada emana zuten iaz. Sorzabalek torturaren kontakizuna egiten du bertan. «Pentsa, elektrodoak ipini zizkioten makinaren pilak amaitzeraino. Gainera, mandatu patriarkalari segika, emakume izateagatik, bi aldiz zigortu zuten Sorzabal».
Azpimarratu du Sorzabalena ez dela kasu bakan bat: «Tortura sistematikoki erabili da: nork aginduta eta ahalbidetuta? Eta zergatik ez da neurri anbiziotsuagorik hartu aitortza eta erreparaziorako? Zergatik ez esan mila euskal herritarren aurka biolentzia instituzionalizatua erabili dela, eta inpunitatea eta isiltasuna gailendu direla. Oso latza izan da, San Jose sailburua; Euskal Herriak bazekien, orain gainera epaitegi arrotz batek aitortu du».