Jaurlaritzak «porrot kolektibotzat» du Bidasoan migratzaile bat ito izana

Etorkinen egoera salatzeko, manifestazioa egingo dute gaur, Irundik eta Hendaiatik abiatuta

Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia. Hor elkartuko dira gaurko bi manifestazioak. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak atzo adierazi zuen Bidasoa ibaian migratzaile bat hiltzea «porrot kolektiboa» dela, eta migrazio politikak eta arreta humanitarioa «hobetu eta berrantolatu» behar direla, euskal mugetatik harago. «Hau arazo globala da da. Argi dago Europan zerbaitek huts egiten duela». Esan zuen dena den Jaurlaritzak duen erantzukizuna bere gain hartzen duela, eta nabarmendu migrazio arazoarekiko konpromisoari eusten diola. Hala erantzun zion Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran Nerea Kortajarena EH Bilduko kideak eginiko galderari: ea Jaurlaritzak herri erantzun bat artikulatuko duen Irungo mugan (Gipuzkoa) gertatzen ari den «egoera onartezinari» aurre egiteko.

Kortajarenak salatu zuen pandemiaren eta «terrorismoaren» aurkako alertaren aitzakian gero eta «bortitzagoak» direla mugak, etsipena eragiten dutela eta «hiltzaileak» direla. «Migrazio politikek gordina eta onartezina den egoera bat sortu dute Irunen». Azpimarratu zuen egoera honi aurre egiteko premia dagoela. EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan giza eskubideak zapaltzen ari dira, eta ezinbestekoa da hori amaitzea: «Premiazkoa da bide azkar eta seguruak bermatzea, eskubideetan ardaztuta». Gogorarazi zuen Migraziorako Euskal Itun soziala sinatu zuten guztiek konpromiso batzuk hartu zituztela, baina orain «langa igo» behar dela, haren hitzetan, ez direlako ahal den guztia egiten ari «benetako harrera herria izateko». «Neurri zehatzez eta ausartez osatutako erantzun instituzional eta soziala» emateko unea dela azpimarratu zuen.

Artolazabalek adierazi zuenez, lanean ari dira Irungo mugan gertatzen ari den egoerari erantzuteko. Hala, igarobidean dauden migratzaileei «erantzun humanoa, iraunkorra eta kalitatezkoa» emateko sistema dutela esan zuen. Gainera, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu zuen instituzio publikoen betebeharra dela migratzaileei harrera egitea.

Gaur, manifestazioa

Ipar eta Hego Euskal Herri arteko muga zeharkatzen duten migratzaileen egoera salatzeko, mobilizazioa egingo dute gaur. Irundik eta Hendaiatik abiatuko dira bi manifestazio, 17:00etan, eta Santiago zubian elkartuko dira. Bertan, besteak beste, migratzaileei egiten zaien harrera eta mugako kontrol arrazistak salatuko dituzte, eta bestelako migrazio politikak aldarrikatuko. Irungo Harrera Sarea, Cimade, Etorkinekin, Diakite eta Bizi elkarteek deitu dute mobilizatzera.

Irungo Harrera Sareak atzo azpimarratu zuenez, manifestazioan instituzio publikoei eskatuko die hitzetatik ekintzetara pasatzeko: «Bidasoaldeak ezin du heriotzak eragiten dituen muga izan». Manifestu bat ere prestatu dute, administrazioei igarobidean dauden pertsona guztientzako harrera duina eskatzeko eta bestelako migrazio politikak behar direla exijitzeko; jakinarazi zutenez, 1.500 pertsonak eta erakundek sinatu dute. «Migratzaileen ehiza amaitu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA