Lankidetza publiko-pribatuaren inguruko jarrerak «bateraezinak» dira, eta zaila izango da osasun ituna adostea

Ez dute ontzat jo pribatizazio politikak iraultzea eskatzen zuen dokumentua, eta Jaurlaritzak proposamen «alternatibo» bat jarri du mahai gainean. Osasun Sailak proposatu du %6 baino gutxiago izatea osasun pribatura bideratutako zerbitzuak.

Osasun mahaiaren gaurko bilera, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Osasun mahaiaren gaurko bilera, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2025eko ekainaren 11
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dute lortu korapiloa askatzea; are, sekula baino katramilatuago dago. Osakidetzako lankidetza publiko-pribatuaren auziaren inguruko jarrerak «bateraezinak» dira osasun ituna lortzeko lanean ari diren eragileen artean, eta, gaur-gaurkoz, zaila dirudi itun hori adostasun zabalarekin onartzeak.

Osasun mahaiak hamargarren bilera izan du gaur, eta desadostasun handiena sortu duen gaia izan dute eztabaidagai: Osakidetzak eman beharreko zerbitzuaren publikotasuna eta enpresa pribatuek horretan izan beharreko zereginak. Gai horrekin batera, zerbitzu zorroari lotutako ondorioak ere aurkeztu dituzte, eta hor ere lankidetza publiko-pribatuaren auzia izan da desadostasunerako motibo.

Lankidetza publiko-pribatua aztertu duen lantaldeak gehiengoz onartutako dokumentu bat eraman du gaurko bilerara, zeinetan proposatzen zuen, besteak beste, sektore pribatuarekiko menpekotasuna «pixkanaka» murriztea eta zerbitzu berrien pribatizazioa «kasu berezietara» mugatzea. Olatz Bolinaga Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria izan da lantaldeko dinamizatzailea, eta, hark azaldu duenez, lantaldeko eragile guztiek ez zuten parte hartu bozketan, eta, beraz, nahi baino adostasun gutxiagorekin onetsi zuten dokumentua. Hain zuzen ere, LAB, CCOO, UGT, SATSE, EH Bildu, Sumar eta Gizarte Laneko Elkargoaren babesa izan zuen dokumentuak, baina ez Eusko Jaurlaritzarena eta beste eragile batzuena.

Horiek horrela, gaurko batzarrean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «erdibideko» proposamen bat aurkeztu du, helburu «integratzailea» duena, Alberto Martinez Osasun sailburuak azaldu duenez. Jaurlaritzaren proposamenaren arabera, zerbitzu publikoak «lehenetsiko» dira, nahiz eta ez den baztertzen zerbitzu jakin batzuk sektore pribatura bideratzea. Nolanahi ere, gobernuak zera proposatu du: ez bideratzea osasun pribatura gaur egun baino zerbitzu gehiago, hau da, Osakidetzak ematen dituen zerbitzu guztien %6tik behera izatea. 

Jarrera «antagonikoak»

Lankidetza publiko-pribatua jorratu duen taldearen izenean, komunikabideen aurrean agertu dira Bolinaga eta Gontzal Tamayo Osakidetzako Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioko zuzendaria, eta biek ala biek onartu dute «zailtasunak» daudela akordioa lortzeko, eta publiko-pribatuaren auzian jarrera «bateraezinak» daudela; kasu batzuetan «antagonikoak» ere bai. Komunikabideen galderei erantzunez, Bolinagak esan du desadostasunerako arrazoietako bat izan dela bozketa bidez onartutako testua ez zela aho batez onetsi, besteak beste, «dena publifikatzea» proposatzen zuelako; eta hori egitea «ezinezkoa» da, haren ustez.

«Lankidetza publiko-pribatua errealitate bat da Europako osasun sistema publiko guztietan, eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, osasun zerbitzu publikoa da nagusi, soilik zerbitzuen %6 ematen baitituzte enpresa pribatuek»

 GONTZAL TAMAYOOsakidetzako Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioko zuzendaria

Alabaina, lantaldeak ondutako dokumentuan ez da halako proposamenik jasotzen. Onartutako testuaren arabera, osasun sistema publikoak herritarren beharrei erantzun diezaien eta «buruaskia» izan dadin, beharrezkoa izango da inbertsioa handitzea eta pribatizazio politikak iraultzea. Eta, hori lortzeko, zerbitzu sanitarioak eta osagarriak integratzeko plan bat egitea eta sektore pribatuarekiko menpekotasuna «pixkanaka» murriztea proposatzen du. Dokumentua ondu duten eragileek uste dute ezinbestekoa dela zehaztea zer zerbitzu eskainiko dituen Osakidetzak zuzenean eta zeintzuk jarraitu behar duten, «salbuespen moduan eta aldi baterako», lankidetza publiko-pribatuaren esku.

Horrez gain, zerbitzu berrien pribatizazioa «kasu berezietara» mugatzea eskatu dute, eta horiek administrazioak, osasun profesionalek, langileen ordezkariek eta erabiltzaileen ordezkariek aztertzea eta onartzea. Epe ertainean, gainera, helburu gisa ezarri dute zerbitzu pribatuak zerbitzu publikoekin ordezkatzea.

Osasun Sailak, baina, proposamen «alternatibo» bat jarri du mahai gainean, «erdibidekoa». Tamayok azpimarratu du «lankidetza publiko-pribatua Europako osasun sistema publiko guztietan errealitate bat» dela, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun zerbitzua publikoa dela nagusiki, «soilik zerbitzuen %6 ematen baitituzte enpresa pribatuek». Osasun Sailak aurkeztutako planteamendua «errealitate horretatik» abiatzen da, eta osasun sistema publikoa «indartzeko eta modernizatzeko» helburua du: «Zerbitzu publikoak ematea lehenetsi behar dela argi utzita, ezin dugu ahaztu azken helburua osasuna hobetzea dela, eta kasu batzuetan gomendagarria da eragile pribatuen laguntza izatea», gaineratu du.

«Adostasuna inoiz baino gertuago dago, eta ziur naiz ekainaren 27rako osasun ituna egongo dela»

ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

Horiek horrela, Osasun Sailaren proposamena da azterlan bat egitea lankidetza publiko-pribatuko kasuen «inbentarioarekin», eta azterketa horretatik abiatuta proposamen bat planteatzea zehazteko zer zerbitzu bideratu behar diren osasun pribatura aurrerantzean ere eta zeintzuek ezin dioten «inola ere utzi publikoak izateari». Osasun Saila zabalik dago eragileen ekarpenak jasotzeko, eta haren nahia da «gutxieneko batzuk» adostea, denak «eroso» egoteko moduan. Dokumentu hori datorren urteko apirilean aurkeztu nahiko luke, osasun itunaren jarraipen batzordearen barruan.

Jarrerak urrunduta egonda ere, akordioa lortuko dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Osasun sailburua «baikor» agertu da, eta adostasuna «inoiz baino gertuago» dagoela ziurtatu. Segurutzat jo du ekainaren 27rako osasun ituna egongo dela. 

Sumar eta LAB, haserre

Osasun mahaian parte hartu ondotik mintzatu da Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidea, eta deitoratu egin du lantaldeak adostutako proposamena errefusatu izana zenbait eragilek eta Jaurlaritzak. Salatu duenez, dokumentu hori atzera botata «albo batera uzten» ari da osasun publikoa indartu behar duen eredua, eta «osasun publiko indartsu eta buruaski» baterako jauziaren aurka egiten du.

Lantaldearen dokumentua atzera botatzeko «egiazkoak ez diren» argudioak erabili izana leporatu dio, halaber, Eusko Jaurlaritzari. «Testu bakar batean ere ez da planteatzen dena publiko egitea», argitu du. Haren ustez, gai horren inguruan gertatutakoak agerian uzten du «oso zaila» dela osasun ituna adostea. Azpimarratu duenez, osasun publikoa indartzeko apustu argia egiten ez bada, Sumarek ez du ituna babestuko.

LAB sindikatuak, berriz, ohar batean salatu du «pribatizazioaren aldeko lobbyak estatu kolpea» eman duela osasun mahaian, eta Jaurlaritzak «lurperatu» egin dituela Osakidetza eraldatzeko aukerak. «Gaurko bileran Jaurlaritza lerrokatu egin da Osakidetza gainbeherara eraman duten pribatizazio politikak blindatzeko lobby pribatizatzailearekin; hau da, EAJ, PSE, PP, Confebask eta elkargo profesional batzuekin», salatu du. 

«Jaurlaritza lerrokatu egin da Osakidetza gainbeherara eraman duten pribatizazio politikak blindatzeko lobby pribatizatzailearekin; hau da, EAJ, PSE, PP, Confebask eta elkargo profesional batzuekin»

 LAB 

Sindikatuak salatu du inoiz gertatu gabekoa gertatu dela bileran: «Estatu kolpea eman du gustuko ez dituen bi helburu atzera botatzeko». Batetik, lankidetza publiko-pribatuaren lantaldean gehiengoz erabakitakoa atzera botatzeko «kontraproposamen» bat aurkeztu duela salatu du, zeinaren bidez pribatizazioari eutsi nahi zaion. Eta, horretaz gain, zerbitzu zorroko lantaldean kontsentsua zuen dokumentuaren helburuetako bat argudio berarekin atzera bota duela kritikatu du. LABek «betoa inposatzea» aurpegiratu dio Jaurlaritzari, eta ohartarazi bere esku dituen baliabide guztiak erabiliko dituela «iruzurra» agerian uzteko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.