Jaurlaritzaren diru laguntzekin 323 gizarte langile hartu dituzte udalek

Guztira 7,8 milioi euro eman ditu Jaurlaritzak; horietatik 992.296 bestelako gizarte lanetarako izan dira

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Aurten, gizarte arloko 323 profesional berri kontratatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat udalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak emandako diru laguntzari esker. Prentsa ohar batean aditzera eman dutenez, guztira 7,8 milioi euro banatu ditu Gemma Zabaletaren sailak. Udaletako gizarte lanak «indartzeko» helburua du laguntza horrek, «bereziki gizarteratze, ongizate eta parte- hartze sozialarekin lotutakoak». Sailaren iritziz, «ezinbestekoa» da herrietako gizarte zerbitzuak hobetzea, «gizarte zerbitzuen sistema publiko on bat eratzeko».

Udal bakoitzari dagokion kopurua zehazteko, langabezia tasa, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten biztanleak eta immigrazio tasa izan dituzte kontuan; hori guztia, autonomia erkidegoko indizeekin alderatuta.

Hiriburuek jaso dute diru gehien: Bilbok 1,1 milioi euro, Gasteizek milioi bat eta Donostiak 300.000 euro. Haien ondoren, diru laguntza gehien jaso duten herriak Getxo (252.000 euro), Barakaldo (245.000) eta Santurtzi (172.000) izan dira Bizkaian; Gipuzkoan, berriz, Tolosari egokitu zaio gehien: 129.000 euro.

Kopuru horren beste zati bat, 992.296 euro, gizarte lanarekin zerikusia duten bestelako programa, egitasmo eta ekintzetara bideratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak.

Larrialdietarako ere, larri

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak uda hasieran salatu zuen udal gehienentzat ez zirela nahikoa Eusko Jaurlaritzak emandako gizarte larrialdietarako diru laguntzak; azkenean, aurreikusitakoa baino 6,7 milioi euro gehiago eman behar izan zituen Gizarte Gaietako Sailak.

Zabaletak orduan ere adierazi zuen gizarte laguntzak banatzeko sistema bateratu bat lortzeko desioa, «lurraldeen artean desorekarik» egon ez zedin. Hori dela eta, uztailaz geroztik udalerriekin biltzen aritu da, bakoitzaren premien berri «bertatik bertara» jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.