Jaurlaritzaren eta oposizioaren arteko talka agerian geratu da aurrekontuak onartzeko orduan

EAJk eta PSE-EEk bozkatu dute alde, eta oposizioari egotzi diote «aitzakiekin» eta «itxurakeriaz» aritzea aurrekontuak ez babesteko. EH Bilduk, berriz, «oposizioari oposizioa» egitea egotzi die gobernuko alderdiei.

D'Anjou sailburua, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
D'Anjou sailburua, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko abenduaren 23a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak baditu jada 2026rako aurrekontuak. EAJk eta PSE-EEk euren gehiengoa baliatu dute proiektua aurrera ateratzeko, eta oposizioko alderdien jarrera arbuiatu dute. Ekain Rico sozialistak «terraplanistekin» alderatu ditu horiek, eta kontrako botoa emateko argudiorik ez azaltzea kritikatu die. EH Bilduk eta Sumarrek, baina, bestelako interpretazio bat egin dute auziaren inguruan, eta lehenak «oposizioari oposizioa» egitea ere egotzi die gobernuko alderdiei. Izan ere, ezkerreko bi indar horiek uste dute aurrekontu sozialago bat onartzeko aukera galdu dutela; batez ere, etxebizitzaren auziari erantzun ahal izateko.

Jaurlaritzaren aurrekontuak 16.378 milioi eurorenak izango dira, aurtengoak baino %4,1 handiagoak; gehien handituko diren diru sailak Etxebizitza eta Segurtasun sailei lotutakoak dira. Horiek, gainera, 17.313 milioi eurora irits daitezke, industria arloko inbertsioak sustatzeko Euskadi Eraldatuz 2030 planean jasotakoaren arabera. Hala, Noel D'Anjou Ogasun sailburuak adierazi du «etorkizuneko Euskadi eraikitzeko» aurrerapauso bat dela horiek onartzea, «herritarren arazoekin konprometitutako» aurrekontu batzuk direlakoan.

EAJko Alaitz Zabalak eta Ekain Ricok ere proiektuaren defentsa sutsua egin dute parlamentuko eztabaidan. «Pertsonak erdigunean jartzen dituen proiektu bat da, gure autogobernua hedatzen duena eta sentsibilitate politiko desberdinen arteko akordiotik sortua», esan du jeltzaleak. Ricok, berriz, zerbitzu publikoetarako jarritako diru sailak nabarmendu ditu, esanez aurrekontuen %63 osasungintzaren, hezkuntzaren, etxebizitzaren, enpleguaren eta gizarte zerbitzuen alorretarako izango dela.

Behin onartutakoaren defentsa egin eta gero, biek ere oposizioari erreparatu diote. Ricoren esanetan, ez da ulergarria EH Bilduk, PPk eta Sumarrek euren artean talka egiten duten argudioak baliatzea proiektuaren kontra egiteko: «Ez da posible aurrekontu proiektua gauza bat eta kontrakoa izatea aldi berean». Are gehiago, zientzialari baten eta terraplanista baten arteko eztabaidarekin alderatu du egoera, esanez gobernuko alderdiek datuak dituztela euren proiektua defendatzeko; oposizioak, berriz, «aitzakiak». Eta horretarako argudio gisa gehitu du EH Bildu eta Sumar ez direla ados jarri batak bestearen zuzenketa bakar bat adosteko ere. «Zuen elkargune bakarra gobernutik datorren gauza oro arbuiatzea da».

EAJ eta PSE-EE dira beste alderdi batzuek zuzenketak onartu dituzten bakarrak: eurek proposatutakoez gain, PPren lau, eta EH Bilduren zuzenketa partzial bat eta Sumarren bat onartu dituzte. Gainerako aldaketa proposamenak, berriz, ezbaian jarri ditu Zabalak. Sumarren zuzenketez, jeltzaleak esan du «komunismoa bezalako eredu totalitario baten» aldeko joera nabari dela horietan; PPk eginikoek, berriz, «koherentzia falta» dutela adierazi du.

Halere, jeltzaleak EH Bilduren jarrerari erreparatu dio gehienbat. Aurrekontuen inguruko eztabaidaren gaineko «erabilera alderdikoia» egitea egotzi dio: «Ez da bidezkoa oreka ekonomiko finantzario bati buruz hitz egitea eta, era berean, mila milioi euroko etxebizitza funts bideraezin bati buruz behin eta berriz hitz egiten aritzea». Horiek hala, koalizioari egotzi dio funts hori «itxurakerian» aritzeko proposatu izana, eta «umiltasuna» eskatu dio.

Zubien beharra

Horixe bera eskatu die aurrez EH Bilduko eledun Pello Otxandianok gobernuko bi alderdiei: «Umiltasun handiagoa». Haren esanetan, koalizio subiranista «zubiak eraikitzeko» lanean ari da, baina gobernuak ez die erantzun bera ematen. Batetik, «etxebizitza larrialdiari» erantzuteko proposamenak kontuan ez hartzea egotzi die, esanez eurek mahai gainean jarritako funtsaren eta Jaurlaritzak iragarritako hogei milioi euroko diru sailaren artean bila zitekeela erdibideko itun bat. Bestetik, aurkeztutako zuzenketa partzialen inguruan izandako jarrera kritikatu du. Adibide gisa jarri du hiru udalerritan hezkuntzako segregazioari aurre egiteko proiektu pilotu bat martxan jartzeko proposamenak erantzunik jaso ez izana: «Hori mespretxu politikoa da».

Era berean, Otxandianok garrantzia eman nahi izan die koalizioaren eta gobernuko alderdien artean azken urteetan egindako akordioei, eta gehitu du hurrengo urteari begira beharrezkoa dela herri akordioen ildoa hartzea. Haren esanetan, asko egongo baita jokoan 2026an: Espainian «78ko erregimenaren bertsio autoritario bat» ezartzeko arriskuari, «arazo sozial eta ekonomikoei» eta «desafekzio politikoari» erantzun beharra. Hala, haren arabera, nahiz eta balitekeen hauteskunde urtea izatea, ezin da jardun politikoa «paralizatu».

Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezen esanetan, berriz, onartu direnak EAJren aurrekontuak dira, PSE-EEren «berniza» eman bazaie ere. Hala, adierazi du haiek ezarritako norabidea argia dela: «Ez diete erantzuten herri honetako gehiengo langilearen interesei, etekin pribatuak lehenesten dituen sistema baten logikari baizik». Nagusiki, hiru saili egin die erreferentzia: osasungintzari, hezkuntzari eta etxebizitzari. Lehen biei dagokienez, salatu du aurrekontuak handitzeak kostuen gorakada estaltzeko soilik balio duela, eta diru sailak bideratzeko modua kritikatu du, azpikontratak sustatzen direlako. Etxebizitza arloan, berriz, salatu du merkatuan «pizgarriak» ezartzearen alde egin dela, parke publiko indartsu bat garatu beharrean. «Merkantzia gisa tratatzen da, eta ez eskubide moduan».

Eskuinak ere ez du gustuko eredua

Kontrakoa kritikatu dio gobernuari PPko Alvaro Gotxik. Haren esanetan, merkatu librea eragozten dute gobernuaren neurriek. «Arazoa eredua da, zuen eredua», adierazi du mintzaldia hasi bezain pronto, eta amaitu du esanez gobernuaren eta PPren aldeko aldea «sakona eta egiturazkoa» dela. Arlo ekonomikoan nabari da hori, haren esanetan, eta horri heldu dio legebiltzarreko atriletik. Salatu du EAE estatuko gainerako erkidegoak baino motelago hazten ari dela, eta gobernua ez dela gai enplegu berrien sorrera «txikiari» eta behin-behineko kontratu tasa «handiari» erantzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.