Jaurlaritzako Segurtasunerako kontseilariorde Josu Zubiagaren ustez, "neurrigabea" da Gipuzkoako Auzitegiak ertzain bati jarritako bi urteko zigorra. "Agian, kontuan hartu dute Mendizabal garai hartan senataria zela. Hala ere, gertatutakoari eta haren ondorioei dagokionez, zigorra apur bat neurrigabea da".
Herrira-ren aurkako operazioan gertatu zen, 2013an, Hernanin. Ertzainak buruan jo zuenean, emakume bat babesten ari zen Amalur Mendizabal, eta senatari txartela zuen eskuan. Bost zentimetroko ebakia egin zion borra kolpeak, eta zortzi puntu eman zizkioten.
Epaiketan ertzainak onartu zuen borra erabili zuela, baina adierazi zuen "beharrezkoa" izan zela. Ordea, Mendizabalek azpimarratu zuen kolpea hartu aurretik ez zela izan inolako liskarrik bera zegoen tokian.