Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna esku artean duela atera da Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eleduna Gobernu Kontseilu osteko agerraldian, PSE-EEk EAJko buru Aitor Estebanen irudiarekin egindako muntaketak gobernuko ordezkari jeltzaleen artean eragin duen ezinegonaren isla. Hain zuzen, dokumentu hura Imanol Pradales lehendakariak gobernura iristean egindako lehen proposamenetako bat izan zen, Espainiako politikaren zaratatik urruntzeko asmoz egina. Legealdiak aurrera egin eta hauteskunde ziklo berria gerturatu ahala, ordea, alderdien arteko ika-mikek gora egin dute, eta sozialisten txioak argi utzi du Madrilen gailentzen den joko zikin hori Euskal Herrian ere zabaltzeko arriskua dagoela.
Bi urte atzera eginda, eta behin EAJ-PSE-EE koalizio gobernua baieztatuta, Eneko Anduezak hartatik kanpo geratzea erabaki zuen, zenbaiten harridurarako. Erabaki hura, baina, asmo argi baten isla zen: gobernuan egoteak eskatzen duen jokabide instituzionaletik libratu, eta aske sentitzea haren fiskalizazio lanak egiteko eta bazkidearekin izan zitzakeen eztabaidez aho bizarrik gabe aritu ahal izateko.
Eta legealdiak aurrera egin ahala, sozialistek, Andueza buru, argi utzi dute ez dutela bazkide txikia izatera mugatu nahi. Eta, bide horretan, ez dute oztoporik izan desadostasunak lau haizeetara zabaltzeko. Ez da begirada askorik altxatu behar jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasunen zerrenda bat egiteko: aireportuen eta portuen eskumena, Ayesa, atxilotuen jatorriaren berri emateko erabakia, Gasteizko migratzaileentzako zentroa, Etxebizitza Legea eta bere ondorenak, edota Gernikako bonbardaketengatik eta Martxoaren 3ko sarraskiagatik Madrilek barkamena eskatzeko exijentzia.
Horiek eta beste hainbat izan dira, baina bi aldeak desadostasunei garrantzia kentzen saiatu dira horiek agenda mediatikoan lekua hartu duten bakoitzean, koalizio gobernuen osasun onari erreferentzia eginda. Ez dirudi, ordea, horren erraz ezkutatu daitezkeenik azken asteetan mahai gainean diren eztabaida nagusietan dituzten jarrera kontrajarriak: hizkuntza eskakizunen auzia eta EAErako estatus politiko berria. Hain zuzen, bi gai horiek aipatzen ditu zuzenean Alderdi Sozialistak X sare sozialean argitaratutako txioak. Teorian, indar abertzaleak batu ditzaketen auziak dira biak, eta badirudi sozialistek funtsezkotzat jo dituztela hauteskunde ziklo berriari heltzeko, Esteban barregarri uzteraino.
Espainiako hedabideetan auziak izandako sona kontuan izanda, baina, pentsatu daiteke PSE-EEk huts egin duela. Gasteizko eta Madrilgo politika elkarri lotuta daude, eta batean jauzi egitean bestea ere zipriztintzen da. Hala iradokitzen dute jeltzaleek Pedro Sanchezi egindako galderak eta gobernuburuak giroa lasaitzeko asmoz emandako erantzunak. Izan ere, Espainiako Gobernuak ezinbesteko du EAJ legealdiak aurrera egiteko, eta PSOE-EAJ harremana ere ez da garairik onenean. Gernikako Estatutuaren inguruko amaitu ezineko negoziazioez gain, aste honetan bertan, jeltzaleak abstenitu egin dira etxebizitza dekretuaren inguruko bozketan. Horrez gain, EAJk eta PPk elkarren arteko harremanak onbideratzeko saiakeraren bat ere egin dute. Beraz, ikusi beharko da jeltzaleek nola erantzuten duten aurrerantzean.