Udal politika

Javier Martinez Iruña Okako alkateak dimisioa eman du

Oposizioak haren dimisioa eskatu zuen, sententzia batek udala 840.000 euro ordaintzera behartu duelako, huts egindako operazio urbanistiko batengatik.

Martinezek galderarik gabeko prentsaurreko batean adierazi du kargua utziko duela. DAVID AGUILAR / EFE
2020ko urtarrilaren 17a
20:27
Entzun

Javier Martinez Iruña Okako alkateak (Araba) gaur adierazi du dimisioa emango duela, «batzuek udal kudeaketara eraman duten desgobernuarengatik». Haren ustean, ez zeukan gobernuan jarraitzeko «gehiengo egonkorrik». Galderarik gabeko prentsaurreko batean eman du erabakiaren berri, eta ez dio aipamenik egin oposizioak haren dimisioa eskatzeko azaldu duen arrazoiari: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak udala zigortu du 840.000 euro ordaintzera, huts egindako operazio urbanistiko bat dela eta.

2010ean, udalak nahitaezko desjabetze bat hitzartu zuen, eta handik urtebetera konpromisoa hartu zuen 12.820 metro karratuko eremua urbanizagarri kalifikatzeko berriz. 62 euroko kalte-ordaina adostu zuen kalifikatu gabeko metro karratu bakoitzeko.

Martinez zen Araba osoan PSE-EEko alkate bakarra, bost botoren babesarekin: haren alderdikoen lau, eta Podemosen bat. Sozialistak alkatetzari eusten saiatuko dira, baina udalbatzaren osoko bilkuran erabakiko dute hori.

EH Bildu alderdiak eskatu zuen lehenbizi Martinezen dimisioa, eta Podemosek eta EAJk bat egin zuten protestarekin. Gainera, fiskaltzak ikerketa abiatu du argitzeko zer gertatu zen hilaren 2an, alkateak auto istripu bat izan zuen egunean. Beste ibilgailu bat jo ondoren, alde egin zuen, eta handik bi ordura egindako alkoholemia probak emaitza positiboa eman zuen.

Beste ibilgailuaren gidariak adierazi zuen alkateak ihes egin zuela mozkortuta zegoela; alkateak, berriz, esan zuen istriputik proba egin ziotenera arte igarotako denboran edan zuela alkohola.

«Ez dut oztopo izan nahi etorkizunean egin daitezkeen akordioetarako», esan du Martinezek. Udalbatzak osoko bilkura egingo du gaur zortzi, eta, horren ondoren, alderdiek hamar egun izango dituzte akordioak lortzeko; ez dute haien asmoen berri eman.

Martinezek gaur salatu du oposizioak «publikoki pozoitu» duela haren irudia, eta pozik agertu da egindako bidearekin. 2004. urtetik izan da herriko alkatea. Egungo legealdirako Podemosen babesa izan zuen soilik; EH Bilduk haren aurka eman zuen botoa, eta EAJ eta PP abstenitu egin ziren. PSE-EEk lau zinegotzi ditu; EAJk, hiru; EH Bilduk, bi; eta PP eta Podemosek, bana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.