Herriko bozak

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez izendatu dute

45 hautetsietatik 38 kontseilarik bozkatu dute. 35ek Etxegarairen alde egin dute, eta hiruk zuri bozkatu dute. Etxetoren zerrendak ez du parte hartu.

Ezohiko kontseilua egin dute elkarteen etxean. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT / BERRIA
2020ko uztailaren 4a
12:05
Entzun

Baionan ezohiko kontseilua egin dute gaur, Herriko Etxe berria osatzeko. Herriko bozen bigarren itzulian, Jean Rene Etxegarai zentro-eskuineko hautagaiak 1.027 bozen aldea atera zion Henri Etxeto sozialistari, eta beste legealdi batez izango da auzapez. Etxetoren oposizioko taldeak ez du parte hartu gaurko bozketan; beraz, Etxegarai izan da hautagai bakarra.

Gainontzeko 38 kontseilariek eman dute euren botoa, eta emaitza argia izan da: 35ek bozkatu dute Etxegaraiaren alde. Hark eskerrak eman dizkie osasun langileei eta zerbitzu publikoei, eta adierazi du egoera zailei aurre egiteko hiri bat eratu behar dutela, «elkartasunez».

Hala, lehen eztabaida piztu du herriko kontseiluan. Etxegaraik Baiona lau auzotan banatzea proposatu du, haietako bakoitzean auzoko kontseiluak egiteko, eta lau axuant izendatu. Bergerek eta Etxetok ez dute bat egin, zatiketa horrekin, «artifiziala» dela iritzita.

Alkate eta lehendakari

Uztailaren 17an egingo dute Euskal Elkargoaren lehen biltzarra Baionan, eta lehendakaria hautatzeko bozkatuko dute. Pentsa liteke Etxegarai izango dela hautagai nagusia; orain arte hark eraman du kargu hori. 2017an sortu zenean, Ipar Euskal herriko auzapezen itzulia eginik lortu zuen gehiengoa lehendakari izateko. Ikusteko dago Baionako alkatetzaren eta Elkargoko buruzagitzaren artean aukeratuko duen ala ez, zenbaitek kritikatu izan baitute bi karguetan batera aritzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.