Jean Rene Etxegaraik herriko bozetara aurkeztuko dela baieztatu du

Baionako auzapezak lehentasuntzat jo ditu herritarren babesa eta segurantza. Zerrenda ez du aurkeztu oraindik, baina iragarpen agerraldian egon dira Joseba Erremundegi eta Sylvie Durruti gaur egungo axuantak.

Jean Rene Etxegarai, bozetara aurkeztuko dela jakinarazteko agerraldian, Baionako mediatekaren aitzinean. BERRIA
Jean Rene Etxegarai, bozetara aurkeztuko dela jakinarazteko agerraldian, Baionako mediatekaren aitzinean. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko urtarrilaren 15a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nehork ez zuen kontrakorik espero, baina Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak gaur erran du jendaurrean aurtengo herriko bozetara aurkeztuko dela; martxoaren 15ean eta 22an iraganen dira. Baionako mediateka berrituaren eta katedralaren aitzinean den plazan egin du aurkezpena, «herriaren defentsarako lehen harresi galiar-erromatarren abiapuntuan». Bakarrik egin du aurkezpena, eta erran du zerrenda datozen asteetan ezagutaraziko duela. Haren asmoa da gaur egungo taldea osatzen duten hautagaien herenak aldatzea. Zehaztekoa da aurkezpenean izan direla Joseba Erremundegi eta Sylvie Durruti axuantak; Durrutik eskuineko zerrenda bat osa zezakeen zurrumurrua hedatu da azken asteotan, baina pentsatzekoa da Etxegarairen zerrendan egonen dela azkenean. 

Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria da gaur egun, eta, kazetariek galdera egin arren, ez du erran lehendakaritza posturako hautagai izanen ote den berriz ere. «Goizegi da, eta oraingoz herriko bozak ditugu buruan». 

Nolanahi ere, 30 urte dira Etxegarai Baionako Herriko Etxeko kontseiluko gehiengoan dela, eta hautatuko balute, hirugarren agintaldia luke. «Hautesleei dagokie gehiegi den erabakitzea, baina nik uste dut esperientzia izatea balioetsi behar dela», erran du. Hautesleei mintzatu zaie aurkezpenean, eta argi utzi du kanpainaren oinarri nagusia «herritarren babesa» izanen dela: segurtasuna izan da aipatu duen lehen ardatza. «Herritarren kezka nagusietakoak dira segurtasuna eta herriko bakea. Azken agintaldian, biziki handitu dugu segurtasuna; 45 herriko polizia ditugu, eta baita gaueko brigada bat ere. Gisa berean, garraio publikoan ere segurtasuna handitu dugu, ezin baitira herritarrak garraio publikoa hartzera akuilatu haien segurtasuna bermatu gabe». Osasuna eta irisgarritasuna ere aipatu ditu, eta, herritarren «zahartzearen» harira, ezinbesteko lan arlotzat jo. Horrekin lotu du hiriaren «begetalizazioa», eta segurtatu hainbat tokitan belardiak egin dituztela. 

Agintaldiaren bilana egiteko tenorea jinen dela adierazi du, bestalde, baina biziki ontzat jo ditu tranbusaren inguruko obretan egin dituzten arraberritzeak. «Nahiko nuke jendea ohartu dadin nola zen lehen eta nola den orain», erran du. Herrian egin diren hainbat obra zerrendatu ditu: mediateka, Bonnat-Helleu musoea, Jean Dauger zelaiaren inguruko eremua, Aturri ibaiaren bazterra... 

Etxebizitzaren gaiaren inguruan, segurtatu du Baionan «anitz baina neurrian» eraiki dela, eta, horri esker, lortu dutela etxebizitza sozial kopurua SRU legeak eskatzen duen heinekoa izatea. Bide beretik, goraipatu du etxebizitza sozial anitz berritu dituztela edo berritzen ari direla. Erran du azken sei urteetan 4.000 herritar etorri direla Baionara bizitzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.