Ospa Eguna

Jendetza Altsasun, Espainiako segurtasun indarrei alde egin dezatela eskatzeko

Guardia Zibilaren presentzia nabaria izan arren, giro onean egin dituzte ekitaldi guztiak. Ehunka pertsona batu dira arratsaldeko kalejirara

"Milaka arrazoi maletan" lelopean egin dute manifestazioa Altsasun. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko abuztuaren 31
20:23
Entzun

Goizean goizetik, Guardia Zibilaren presentzia nabaria izan da Altsasun (Nafarroa). Ospa Eguna debekatu ez, baina "zaintzeko" agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok, "ez dadin terrorismoa goratu edo justifikatu, edo biktimak iraindu". Halakorik gertatuko balitz, hori egiten dutenak identifikatzeko eta haien nortasun agiriak epailearen esku uzteko eskatu zuen, gainera. Epailearen oharrak, baina, ez du Ospa Egunaren egitaraua baldintzatu, eta ekitaldi guztiak normaltasunez egin ahal izan dituzte parte hartzaileek. Guardia Zibilaren helikopteroa etxeen teilatuetatik metro gutxira zebilela salatu dute hainbat bizilagunek sare sozialetan, eta patrolak ere ibili dira ingurumarietan, baina ez dute inor atxilotu ezta identifikatu ere, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren arabera.

Goizean, "Alde Hemendik" izeneko herri lasterketan parte hartu dute dozenaka gaztek, eta eguerdian, bazkari jendetsua egin dute Iortia kultur gunean. Ekitaldi ikusgarriena, baina, arratsaldeko kalejira izan da. Azken hamarkadetan Sakanan gertatutako pasadizo eta gertaerak gogoratu dituzte ibilbide osoan, indar polizialen jazarpena ardatz gisa hartuta betiere: Enrike Zelaiak 1989an sufritutako erasoa; lau gazte sakandarren atxiloketa 2000. urtean; gaztetxearen aurkako jazarpena; gerra zikina nahiz tortura kasuak; eta 1.000 egun preso daramatzaten Altsasuko gazteen auzia, besteak beste.

Ehunka pertsona batu dira kalejirara, eta jai giroan egin dute ibilbidea. Hainbat gunetan, umorez irudikatu dute han gertatutakoa. Foruen plazako kioskoan, esaterako, Albert Riveraren erretratua jarri eta Espainiako banderatxoak astindu dituzte hainbat gaztek, gogora ekarriz Ciudadanos, PP eta Vox alderdiek iaz eginiko ekitaldia.

Espainiako segurtasun indarrak Euskal Herritik joan daitezela eskatzeko "maleta bete arrazoi" dutela aldarrikatu dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.