Migrazioa

Jendetza elkartu da Irunen, Bidasoan itotako azken migratzailearen heriotza salatzeko

Hendaiako eta Irungo alkateek esan dute «onartezina» dela gertatutakoa, eta neurriak eskatu dizkiote Europari, mugan inor hil ez dadin. Irungo Harrera Sareko Jon Arangurenek salatu du ezen, aterpean leku libreak izan arren, kalean uzten dituztela migratzaileak.

Harrera Sarea elkarteak antolaturiko elkarretaratzea, gaur, Irunen. JON URBE / FOKU
Iñaki Agirre Perez.
2021eko abuztuaren 9a
19:53
Entzun

Jendetza bildu da gaur Irungo San Juan plazan (Gipuzkoa), atzo Bidasoa ibaian ito zen migratzailearen heriotza salatzeko. Loreak jarri eta kandelak piztu dituzte hildako gizonaren omenez. Azken hilabeteetan Bidasoaren inguruan zendu den hirugarren migratzailea da.

Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak ere parte hartu dute elkarretaratzean. Gertatutakoa «onartezina» dela esan dute biek, eta mugan inor ez hiltzeko neurriak eskatu dizkiote Europari.

Irungo Harrera Sareko Jon Arangurenek, ordea, Euskal Herriko erakundeei gogoratu diete ardura badutela. Salatu duenez, Irunen, aterpean leku libreak izan arren, migratzaileak kalean uzten dituzte.

Minutuko isilunea egin eta gero, txaloen artean amaitu dute elkarretaratzea.

Atzo goizean hil zen migratzailea, 09:45ak aldera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Irundik abiatuta Biriatura (Lapurdi) heltzen ahalegindu zen, beste batekin batera. Laguna Lapurdira heldu zen. Bestea, ordea, Jaurlaritzaren arabera, uretara sartu eta berehala hondoratu zen.

Gaineratu dutenez, lekuko batek laguntzeko asmoarekin uretara jauzi egin zuen bi pertsona horiek ikusi zituenean, baina ur lasterraren indarra zela-eta lehorrera itzuli behar izan zuen atzera.

SOS Deietara deitu zuten lekukoek; jarraian, Ertzaintzako agenteak, Gurutze Gorrikoak eta suhiltzaileak joan ziren gertakarien lekura. Handik gutxira agertu zen uretan gaztearen gorpua. Uretatik atera zuten, baina ezin izan zuten bere onera ekarri.

Hildakoa nor zen argitzeko ikertzen hasi da Ertzaintza. Oraindik ez dute identifikatu.

Joan den maiatzean etorkin bat hil zen Bidasoa ibaian, ustez itota. Eta hilabete lehenago, Eritreako gazte baten gorpua topatu zuten Irunen, Bidasoa ibaian. Jaurlaritzaren arabera, bere buruaz beste egin zuen.

Etorkinen eskubideak bermatuak izan daitezela eskatzeko, joan den maiatzaren 29an manifestazio bat egin zuten Irundik eta Hendaiatik abiatuta. Irungo Harrera Sareak eta Diakite, La Cimade eta Etorkinekin elkarteek deitu zuten, eta, hain esanetan, 3.000 lagun bildu zituen mobilizazioak.

«Ez da ustekabeko bat»

Irungo Harrera Sareko bozeramaile Anaitze Agirrek ohartarazi du gertatutakoa ez dela «ustekabeko bat» eta «erantzule batzuk» dituela. Gertatutakoaren harira SER irrati kateari emandako elkarrizketa batean, eskatu die instituzioei «ahalegin gehiago» egin ditzatela harrera egitean, «eskubide urraketa egoeran dauden pertsonak babestea baita auzia».

«Badakigu Frantziari eta Europako Batasunari ez zaizkiela inporta migratzaileak, ez haien bizitza, ez eskubideak. Gure instituzioek gure gizartearen mailan egon behar dute, zeina harrera egitekoa eta solidarioa den», azpimarratu du Agirrek. Haren iritziz, migratzaileak ez dituzte «pertsona moduan» tratatzen. «Giza eskubideetan jarri behar da azpimarra. Horrek esan nahi du bide seguruak edukitzea, pertsona horiek bidaiatu dezaten hiltzeko arriskurik gabe». Ohar bat kaleratu du harrera sareak, eta eskatu die erakundeei hildako migratzailea ez dadila bihurtu «izenik gabeko» gorpu bat. «Ez dadila egon bere senideari gertatu zaionaren berri emango ez zaion familiarik».

«Guk, gure hurbileko erakundeei esaten diegu, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak osatzen duten Erakunde arteko Harrera Mahaiari, ahaleginak areagotu ditzatela eta harrera duina aplika dezatela», nabarmendu du sareak ohar batean.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak gertatutakoarengatik «atsekabea» agertu du, komunikatu baten bidez. Adierazi du iruditzen zaiola «injustizia» egoera baten «ondorio zuzena» dela. Ahaldun nagusiak esan du «premiazkoa» dela «konpartitutako elkartasun bat», gertatutakoa berriro gerta ez dadin. «Pertsona migratzaileen errealitateari heldu behar zaio giza eskubideak, elkartasuna eta giza duintasuna hertsiki errespetatuz».

Eusko Jaurlaritzak ere «atsekabea» agertu du. «Aukera bat bilatzeko ahaleginean pertsona batek bere bizitza galtzea... zirrara eragiten du», esan du Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak. «Gertatu dena porrot kolektibo bat da, gizarte moduan». Iruditzen zaio «premiazkoa» dela migratzaileek «igarotze seguruak» egin ahal izatea.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak Twitterreko bere kontuan idatzi duenez, Europako Batasunak ezin du «ez jakinarena» egin daukan erantzukizuna edukita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.