indarkeria matxista

Jennifer Sofia Rebollo Tuiran eta Maureen Ada Otuya

Bilbo, 2013ko ekainaren 2a.

2013ko ekainaren 2a
05:00
Entzun

Gizonezko batek bi emakume hil zituen 2013ko maiatzean eta ekainean, Bilboko Maximo Agirre kalean bere izenean zeukan gimnasioan. Bigarren emakume hori gizonari aurre egiten hasi zitzaiolako eta ihes egiten saiatu zelako atzeman eta atxilotu zuten ertzainek. Bizilagun batek ikusi zuen gizon zuri bat indarka ari zela emakume beltz bat sartzen lokal batean, eta bizilagun hark salatu zuen zerbait gertatzen ari zela lokal horretan. Zen4 izena zuen gimnasioak, eta 2013ko ekainaren 2a zen.

Ertzainak gimnasiora sartu zirenean, barruko gela txiki eta ilun batean topatu zuten Juan Carlos Aguilar, kamisetarik gabe, isilik, eta besoak odolduta. Gela berean zegoen Maureen Ada Otuya, 29 urteko emakume bat, gorputz osoa zauriz beteta eta hilzorian. Koman eta pultsurik gabe zegoen larrialdi zerbitzuak iritsi zirenean. Suspertu egin zuten halere, eta Basurtuko ospitalera eraman zuten. Azkenean alferrik izan zen; ekainaren 5ean, hiru egunera, hil egin zen Ada Otuya, ospitalean bertan.

Baina ertzainek gehiago ere aurkitu zuten Zen4 gimnasioan. Hilkintza baten arrastoak zeuden poltsatan sartuta. Aurreko astean, maiatzaren 25eko goizaldean, Aguilarrek gimnasiora eraman zuen Jennifer Sofia Rebollo Tuiran, 40 urteko emakume bat. Hantxe hil zuen, eta gero gorpua zatitu, eta poltsetan sartu zuen. Ekainaren 2an, bederatzi egun geroago, poliziak gimnasiora sartu zirenean, Rebolloren gorpu zatiak han zeuden.

Emakumeen mendekotasun eta ahultasun egoeraz baliatu zen gizona. Rebollo kolonbiarra zen sortzez, eta Ada Otuya nigeriarra. Biak aritzen ziren prostituzioan, eta Aguilarrek biak hartu zituen goizalde batez bere autoan, biak eraman zituen bere gimnasiora, eta biak hil zituen. 47 urte zituen gizonak garai hartan. Aitortu egin zituen hilketak, baina ez zuen damurik agertu inoiz. «Bat-batean» hil zituela esan zuen, askoz azalpen gehiago eman gabe. Poliziak gizonaren etxean bideo batzuk aurkitu zituen, zeintzuetan gizona agertzen baitzen, Rebollorekin, hil aurretik, eta ondoren.

Hilketen ankerkeriak samin eta dolu handia eragin zuen, eta epaiketa hedabide askok jarraitu zuten. Handik ia bi urtera egin zuten, Bilbon bertan, 2015eko apirilean. Akusatuak ez zuen apenas hitzik egin, hilketak aitortu zituen, baina ukatu zuen biktimei debaldeko mina egiteko edo ankerkeriaz tratatzeko asmorik eduki zuenik, zigorra arintzeko asmoz.

Zinpeko epaimahaiak zalantzarik gabe jo zuen errudun, eta epaileak 38 urteko kartzela zigorra ezarri zion; hemeretzi urte hilketa bakoitzagatik. Epaileak aitortu zion ankerkeriaz ez aritu izana, eta horregatik jarri zion zigor txikiagoa, akusazio partikularrek 20 eta 25 urteko zigorrak eskatzen baitzituzten gizonarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.