Jerusalemgo tren proiektua bertan behera uzteko eskatu diote CAFi

Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak taldeak manifestazioa antolatu du Donostian, eta Amnesty Internationalek protesta egin du tren ekoizlearen akziodunen batzarrean.

BDSk Donostian antolatutako manifestazioa. JON URBE / FOKU
BDSk Donostian antolatutako manifestazioa. JON URBE / FOKU
jakes goikoetxea
2025eko ekainaren 14a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Jerusalemgo tren arinaren proiektuan parte hartzeak eragiten duen kezka eta haserrea jaso ditu, beste behin, CAF tren ekoizleak. Zuzenean eta zeharka. Zuzenean, AI Amnesty Internationaleko ordezkari baten bidez, enpresak gaur Beasainen (Gipuzkoa) egin duen akziodunen batzarrean; zeharka, ehunka lagunek Donostian egin duten manifestazioaren bitartez. Batzuek zein besteek Jerusalemgo proiektua bertan behera uzteko eskatu diote, Israelek Palestinaren lurretan okupatutako kokalekuak lotzen dituelako eta palestinarrak bakartzen dituelako.

BDS Boikot Desinbertsio eta Zigorrak taldeak antolatu du Donostiako manifestazioa. CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik izan da leloa. 3.000 lagun elkartu dira, BDSren arabera. Gipuzkoa plazatik abiatu dira eta ibilbidean zenbait salaketa egin dituzte: Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, erakunde horrek iaz urrezko domina eman ziola Andres Arizkorreta CAFeko presidenteari; Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, CAFeko akziodun gisa, «erantzukizuna duela garbiketa etnikoan»; Urbieta kalean, zenbait markari boikota egiteko eskatu dute; eta Easo plazan, «Ertzaintzak loturak dituela Mossadekin [Israelgo zerbitzu sekretuak]».

BDSk salatu du Jerusalemgo tren arinaren proiektua «Israelen estrategiari mesede egiteko» azpiegitura dela, auzo palestinarrak bakartu nahi dituelako eta hango populazioa mugiarazi nahi duelako. Arizkorretari egotzi diote ez duela aintzat hartu langileek publikoki proiektuaren kontra erakutsi duten iritzia, Euskal Herrian egin diren mobilizazioak eta BDSk nazioartean egindako kanpainak. CAFek munduan dituen zenbait lantegiren aurrean ere egin dituzte gaur protesta kontzentrazioak.

NBEren zerrenda

Israelekin kolaboratzen duten enpresen kontrako presioa gero eta handiagoa dela uste du BDSk, baita CAFen kontrakoa ere. Gogoratu du «egun gutxi barru» NBEk «legez kanpoko okupazioarekin kolaboratzen duten enpresen zerrenda eguneratua» argitaratuko duela, eta, «itxura guztien arabera», CAF zerrenda horretan egongo dela. CAFen Israelgo bazkideetako bat, Shapir konpainia, «dagoeneko zerrenda lotsagarri horretako enpresetako bat da».

Mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete herritarrei: «Akabo inpunitatea CAFentzat!», oihu egin dute.

Palestina - Manifestazioa.
Baionan Palestinaren alde eta Israelen kontra egin duten martxa. GUILLAUME FAUVEAU

Beasainen, Amnesty Internationalen EAEko koordinatzaileak, Sofia Garcia Aranak, CAFen akziodunen batzarrean parte hartu du. Enpresako zuzendaritzari galdetu dio ea zergatik «sistematikoki» bere txostenetan «saihestu» egiten duen adieraztea Israelen «legez kanpoko testuinguru batean» lan egiten dutela. Israelek erabiltzen duen hizkuntzarekin bat egitea leporatu dio tren ekoizleari, tren arinaren proiektua «zati batean eztabaida politikoa pizten duten eremuetan» dagoela dioelako jasangarritasun txostenetan. 

Tren arina, giza eskubideen «katalizatzailea»

Iazko jasangarritasun txostenean CAFek dio proiektuak «inpaktu positiboak» dituela, eta enpresatik kanpoko aditu batek «egiaztatu» zuela tren arinaren proiektua elkarrekin lotuta dauden zenbait giza eskubideren «katalizatzailea» dela: erraztu egiten duelako gurtza lekuetara eta oinarrizko zerbitzuetara (eskolak eta osasun zentroak) iristea eta pertsonak batetik bestera mugitzea. CAFek, ezarritako barne prozedurak aplikatu eta gero, «iazko jardueran ez du atzeman nazioarteko proiekturen batean parte hartzeagatik giza eskubideren bat urratu duenik».

AIrentzat halako adierazpenek erakusten dute enpresak «saihestu» egiten dituela Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak eta Europako Batasunaren jokabidea: «Kokaleku horiek legez kanpokoak direla esaten dute», nabarmendu du Garcia Aranak.

CAFen egoitzaren kanpoan 30 bat lagun elkartu dira. AIk azaldu du CAFek Jerusalemgo tren arinaren proiektua eraikita eta hornituta —baita 15-25 urtean hura mantentzeaz arduratuta ere— etekina atera nahi duela, baina Israel, bitartean, genozidioa egiten ari dela Gazan eta giza eskubideen egoera okertzen ari dela Zisjordanian. Proiektu horretan parte hartuta, CAFi egotzi dio eutsi egiten diela eta indartu egiten dituela «Israelen legez kanpoko kokalekuak, legez kanpoko okupazioa eta Jerusalem Ekialdea bereganatzeko asmoa».

Giza eskubideen aldeko elkarteak gogoratu du Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak 2016an eta 2017an esan zuela proiektu hori legez kanpokoa zela, «nazioarteko zuzenbidea eta NBEren ebazpenak urratzen dituelako».

Baionan, Israelen kontrako eta Palestinaren aldeko martxa bat egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.