azken ordukoa

Joan den astean Baionako ospitalean hil zen gazte baten senideek salatu dute taser pistolaren ondorioz hil zela

Euskal Irratiek senideen bitartez jakin dutenez, Poliziak barra elektrikoak baliatu zituen atxilotzeko unean, eta gazteak bihotzekoa izan zuen. Hiru egunez koman egon ondoren hil zen Bader Idrissi, larunbatean.

Baionako ospitalea. BOB EDME
2018ko urriaren 18a
07:15
Entzun

Euskal Irratiek gaur arratsaldean jakinarazi dutenez, Poliziaren jardun txarraren ondorioz hil zen Urruñako (Lapurdi) gaztea. Gaztearen senideak Euskal Irratien egoitzan izan dira, eta azaldu dute atxilotu zutenean barra elektrikoak baliatu zituztela eta gazteak bihotzekoa izan zuela. Koman sartu zen horren ondorioz, eta handik hiru egunera hil zen, Baionako ospitalean.

Asteazken arratsaldean atxilotu zuen Poliziak Bader Idrissi. Euskal Irratien arabera, Pausua auzoko hainbat lekukok azaldu dute jokabide arraroa zuela. Xaia ostatuko Beñat Elizondok Euskal Irratietan azaldu duenez, farmazia batean izan zen aurrena, haren ostatuan gero, eta etxe batean azkenik. "Bere onetik aterata zegoen. Laguntza eskatzen aritu zen gehienbat". Auzoko bizitegi batera sartu ondoren, poliziak sartu ziren atzetik, eta atxilotzen saiatu. Barra elektrikoak erabili zituzten, eta horren ondorioz bihotzekoak jo zuela salatu dute senideek. Polizien jarrera ez ezik, sorosleena ere kritikatu dute, behar bezain azkar aritu ez zirelakoan.

Antza, osasun arazoak zituen gazteak, Baionako ospitaleko iturrien arabera.

Gertatutakoa salatzeko, manifestaziora deitu dute gaztearen senitartekoek eta lagunek, larunbaterako. 15:00etan aterako da ibilaldi isila, Pausutik, eta handik gertu dagoen polizia etxera joango dira.

Arma "ez-hilgarria"

Arma horiek 50.000 volteko deskarga elektrikoa botatzen dute, deskarga jasotzen duena zenbait denboraz geldi-geldi uzteko. Arma "ez-hilgarri" gisa kalifikatuta badago ere, AIk argitaratutako txosten baten arabera, AEBetako Poliziak gutxienez 500 pertsona hil ditu arma hori erabilita 2001 eta 2012 bitartean. Erresuma Batuan, azken hamar urteetan, ehundik gora pertsona hil dituzte horrelako armekin, hango gobernuz kanpoko erakundeek emandako datuen arabera. Besteak beste, Dalian Atkinson Realeko jokalari ohia hil zuen Ingalaterrako Poliziak taser pistola batekin, iazko abenduan.

Franziako Poliziak ez ezik, Ertzaintzak ere baditu pistola elektrikoak, 2017ko martxotik.

Audioa: Euskal Irratien albistea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.