Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa aurkeztu zutenean, 2016an, lau ideia edo lezio argi utzi nahi izan zituen Joan Mari Torrealdaik. Bat: ezina ekinez egiten dela. Bi: lanak asko dezakeela. Hiru: herri ekimenak indar ikaragarria duela. Eta lau: hizkuntzak identitate indar handia duela, baina identitatea ez dela aski hizkuntzak balio praktikorik ez badu, hizkuntza komunitatearen kultur tresna ez bada.
Ideia horiek laburtu dezakete Torrealdairen ekarria neurri batean, baina haren jarioa sakonagoa zen, eta arlo gehiago ukitzen zituen. Azkeneko urteetan han eta hemen egindako elkarrizketa eta hitzaldietan utzi zituen ideia eta proposamen nabarmen batzuk bildu ditu BERRIAk artikulu honetan:
«Memoriaren berreskurapenean, badirudi dena hildakoetara bakarrik mugatzen dela. Errepresio kultural eta linguistikoa aintzat hartu behar dute memoriaren elkarte eta taldeek. Zer da zentsura, errepresioa ez bada...».
«[Euskaldunon Egunkaria] Leku naturalean jaio zen: euskalgintzan. Betiere, euskalgintza sozialaren baitan; alegia, gizarte zibileko euskalgintza antolatuan. (...) Pare bat urte lehenago, Ajuriaeneko Itunak bitan banatua zuen gizartea, demokraten eta ez-demokraten artean. Euskalgintza soziala ez-demokraten artean kokatu ziguten, ez maliziarik gabe».
«Jakinek erreferentzialtasuna, independentzia eta sinesgarritasuna erdietsi baditu, bateragune izateko bokazioagatik izan da. (...) Euskalgintzaren zentraltasuna ez da eslogan hutsa. Gure proposamen nagusia da herrigintzaren eraikuntzan».
«[Zentsurak] Era guztietako formak hartzen ditu: askotan lerro editorialen atzean ezkutatzen da, ekonomiaren ikuspegia hartzen du, ideologikoa... Birus mutante bat bezala ere definitu izan dut».
«[1960-1970eko hamarkadei buruz] Editorialak falta ziren, kazetariak, elkarteak... Hori zen orduko Euskal Herria, eta zentsurak giro hori eskastu egiten du; artikuluak ezin dira idatzi, gaiak ezin dira landu. Eta gizarte bat horrela aberasten da. Gizartea hila da truke ideologiko gabe».
«Desmemoria programatu horren ondorioak orain ere bizi ditugu. Gure belaunaldikook eten izugarri bat izan genuen aurrekoarekin, gerra zela-eta. Ez genuen eduki memoriaren transmisio bat; gero deskubritu behar izan dugu».
«Baldintza horietan joan ginen deskubritzen euskal kultura, euskal politika eta gainerako guztia. Guk katea etenda hartu genuen, eta kate hori lotzen saiatu izan gara beti».
«Gure taldea ez baita izan Jakinen bakarrik bizi izan diren kidez osatua. Hamaika egitasmotan aritu izan gara. (...) Jakin ez da izan pulpitu, ez katedra. Plaza izan da. Herriko plaza, gogoetaren plaza eta lankidetzarako elkargunea. Horregatik, pentsamenduaren geografia zabaletik hurbildu zaigu jendea».
«Euskaltzale multzo batek erabaki zuen erakundeek bazter utzia zuten egunkariaren proiektua gauzatzea. Orduan ere giroa ez zen alde: goizegi zela, ez zegoela kazetaririk, ez eta irakurlerik, euskarak berak ez zuela tradizio periodistikorik, ez zegoela proiektua gauza zezakeen enpresarik...».
«Nire eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur honek bil dezake: ezina ekinez egina. Abiatzeko unean hainbat ekimenek hala ematen zuten, lortezinak zirela, baina, historia lekuko, ekinaren poderioz burutzera iritsi izan gara».
«Daukagun hoberentxoena herri ekimenari, lan eta elkarlan kolektiboari, hezkuntza komunitate aktibo eta konprometituari hein handi batean zor diogulakoan nago. (...) Herri ekimenaren formula ez da iraganekoa eta ez dago iraungia. Ezta gutxiago ere. Globalizazioaren haizeteak dena berdindu, homegeneizatu, eta uniformetu behar duen honetan, are beharrezkoagoa da hizkuntza komunitate antolatuaren esku hartze zuzen eta proaktiboa».
«Guztiz konbentziturik nago, aurrerantzean ere, hizkuntzaren estatusa edozein delarik eta legeak aldeko izanik ere, hizkuntza komunitateak eutsi beharko diola hizkuntza gutxituaren normalizazio soziolinguistikoari».
«Identitatea, guztiz baliotsua izanik ere, ez da aski, ordea; hizkuntzak bere balio praktikoa, komunikazio indarra erdietsi behar du, komunitatearen kultur tresna behar du izan, hiztun komunitatearen premia guztien zerbitzuko. (...) Hizkuntza, guretzat, ez baita filologoen perpausa ez olerkari erromantikoen bertsoa. Hizkuntza gertakari soziala da, hizkuntza komunitatearen ikur eta lanabes. Batak bestea gabe, hizkuntza komunitate gabe, hutsala du funtzio soziokulturala».
«[Egunkaria-ren itxiera] Kultur genozidio saio baten pareko jarriko nuke ia-ia, ez zaidalako iruditzen euskarazko lehen periodiko normalizatua horrela erail daitekeenik. Gainera, inpunitate guztiz».
«Euskal Herria ulertzeko modu bat zor diot nik Arantzazuri; probintzien eta txokokerien gainetik Euskal Herria bere osotasunean ulertzeko modu bat. Osotasun bat. Handik ekarri genuen euskara batuarena. Guretzat natural-naturala izan da. Eta gero Jakin, han sortu zen 1956an. Hori izan da nire bizitzako ardatza. Esan liteke biologikoki Foruan jaio nintzela, eta kulturalki, Arantzazun».
«Jakinen nobedadea hau zen: gerra osteko lehenengo belaunaldi autonomoa zen. Haiek sortu zuten, ez gerra aurreko Orixek, Labaienek edo Lekuonak. Gazteek beraiek sortu zuten proiektua».
«Gu intelektualak ginen, seminariotik paseak, eta maila horretako euskara bat behar genuen. Jakin zen horretarako tresna. Hasieratik hasi ginen, esate baterako, hiztegi kultural bat sortzen. Kultur tresna gisa, eta Euskal Herri osorako. Euskara batua ezinbestekoa izan da guretzat, eta gure borroka ere bai».
«Gure tragedia da subsumituta gaudela erdal munduan: edo euskara ez dakitelako edota euskara jakinda ere beren erreferentzia mundua kanpoan dagoelako, gure mundua ezezaguna da haientzat. Eta ezagutzen ez dutenez gero, bihurtzen da bigarren mailakoa, interesik gabea...».
«[Euskal liburutegi nazionalaz] Eusko Jaurlaritza etorri zenean, beste aukera galdu bat: ez zen horren premiarik ikusi. Euskadiko Orkestra, bai, egin zen, zerotik sortua. Konbentzitua nago biblioteka nazional baten planteamendua orduan egin izan balitz, gaur edukiko genuela. Ez zen egin. Geroztik erreibindikazio solteak egin izan ditugu, baina indar gutxirekin. Instituzioek ez dute aintzat hartzen».
«[Torturei buruz] Niri kosta egin zitzaidan asumitzea eta plazara ateratzea. Atera naizenean, liberatu egin naiz. Ez daukat erreparorik edozeinen aurrean azaltzeko. Narratiba soil bat egitea aski da. Eskuliburu batekin joan izan den teoria hori pikutara bota genuen, gure sinesgarritasunagatik. Eskuliburuaren gai hori tartetik kentzea torturari sinesgarritasun handia ematea da».
«Hamahiru urte ere ez genuen egin [Egunkaria-n]; epaiketari begira ia beste hainbeste egin dugu. Ametsa gauzatzen pasatu genuen denbora eta amesgaiztoa kendu ezinik pasatu genuena berdintsua da, hilabete batzuk gorabehera».
«[Egunkaria] Ez da indar politiko batek sortu duela, edo enpresari batek; euskalgintzak, herri ekimenak, gizarte kulturalak sortu du. Indar bateratzaile gisa sortu zen. Beste gauza bat da herri honetan denena izatea oso zaila dela; baina ez zen inorena. Guztiona izatera ez zen iritsi, baina ez zen inorena».
«Falta zaiguna da elkar hartuta euskalgintzak bere egiteko estrategikoan sinestea. Oraindik, nahiko multzoka goaz. Hizkuntza politikan, esate baterako, gu ikusle batzuk gara. Ez gara aktoreak. Errua instituzioei emango diegu, gurekin ez dutelako kontatzen. Baina geuk zergatik ez dugu bat egiten?».
«[Euskaltzaindia] Akademia da, baina hizkuntza minorizatu baten akademia. Bere leku naturala euskalgintza du. Ez da akademia klasiko bakartu bat. Badakit horrela pentsatzen dutela batzuek. Nik esaten dut horretaz aparte Euskaltzaindiak bere jatorritik dauzkala Iker eta Jagon. Bi beso dauzkagunean, bati zergatik egin behar diogu uko?».
«Bai, minbizia dut, non eta hezur-muinean. Barrurago ezin. Zuen aurrean egin nahi dut publiko. Bistan da zergatik: deskribatu dudan torturari lotzen diot gaitza, nire minbizia».
«[Jakineko kideek] Euskalgintzaren baitan egon diren gauza garrantzitsu askotan parte hartu izan dugu. Ikastolak kenduta, nik uste dut gainerako mugimendu gehientsuenetan momenturen batean egon izan garela».
«Azken 50-60 urteotan euskalgintzak eta euskal kulturgintzak egindako urratsak handiak eta guztiz garrantzizkoak izan direla argi dago. Herritarren ekimen sozialari esker izan da hori funtsean, hasieran guztiz eta gero ere neurri handi batean. Horren fruitu dira gehienbat: Ikastolen gaurko sare trinkoa, alfabetatze-euskalduntzearen mugimendu zabala, euskarazko komunikabide hainbaten emaitza, bertsolaritzaren osasun ederra, euskal unibertsitaterako bidegintza. Lorpen eta aurrerapenon aitzinean, euskaldunok geure buruarekiko konfiantza edukitzeko eta berresteko moduan gaude, betiko galtzailearen sindromea baztertuz».
«2002. urtean Guardia Zibilak idatzi zuen txosten batek bitan banatzen zuen euskalgintza: ona eta gaiztoa, instituzionala eta terrorista. Gure atxiloketen eta Egunkaria-ren epaiketaren oinarria txosten hori izan da: euskalgintza gaiztoa ginen».
«Argi geratu da letra gizonak garela, ez arma gizonak».
«ETAtik harago badago bizitza. Zorionez, ez da dena ETA, eta horren adibidea da Egunkaria».
«Gu euskararen militantziak batzen gintuen. Euskararen alde, euskaraz eta euskaragatik egiteak».
«Guri egin digutena prozesu inkisitorial bat izan da».
«Sinesgarritasuna beti frogatu behar izan genuen, eta nik uste dug lortu genuela. Zergatik? Oso garbi jokatu genuelako».
«Oso zaila da rankinga zehaztea liburu beltz batean. Gertaera beltz baten belztasuna zenbatekoa den azaltzea ez da erraza. Baina Egunkaria-rena ez litzateke azken puntuan egongo: uste dut oso letra larritan eta oso letra beltzetan agertu beharko lukeela».
«Globalizazio orohartzaileari aurre egiteko Karlos Santamaria maisuaren lezioa ikasia dugu, unibertsal izateko modua partikular izatea dela, euskaldun; eta horretarako guk erroak indartu behar ditugula».
«Euskaltzaleen batzarretan bi ildo estrategikoak aipatzen dira, ekintza eta gogoeta, labur esanda. Mesfidantza punttuz begiratzen diote elkarri, aukera bakoitzaren joerazko arriskuen beldur edo: ekintza, txoroa bailitzan; eta gogoeta, antzua. Premiazkoa da gogoetazaleen eta ekintzazaleen (nolabait esatearren), bi jarrera hauen ekarpenek lehenbailehen bata bestea elikatzen hastea».
«Alderdien arteko tirabiretan euskara ahuldu egiten da, eta hobe da euskalgintza aparte lantzea .Eta gainera, guztiona da euskara, ez batzuena bai eta besteena ez. (...) Euskalgintzak ez du atarramendu onik arazoa dikotomikoki planteatzen bada. Euskararen politizazioa errazegi gertatu izan da, euskalgintza ahulegia delako. Euskalgintzak indartu egin behar du, barne kohesioa trinkotu, indarrak elkarren arrimuan bildu. Euskalgintzak eremu autonomo bihurtu behar du. Aurrerantzean euskalgintzak berak hartu behar du hitza, diskurtso autonomo propioa landu behar du, berak markatu behar ditu estrategiak, berak hartu behar du iniziatiba gizarte eragileen eta gertakarien aurrean. Hauxe iruditzen zait gaur egungo erronkarik larriena. Hil ala bizikoa, esango luke norbaitek».
«Gaurko munduaren martxa laisterrean, bizi nahi badu, euskal kulturak ez du geldi egoterik. (...) Euskal kultura, gelditzen bada, kultura handi horiek markatutako bidea segitu beharko du. Eta hor galduko da. Horregatik euskal kultura ez zaio kontserbatzeari lotuko. Ez du hortik etorkizunik. Lortzera jo behar du. Egoera berriei planteamendu berriak: hori da efikaziaren legea. Eta gaur, lortzea da batez ere gure eginkizuna. Zer lortu? Mila gauza, baina baitipait bi, alegia, euskaldunak alfabetatzea (hitzaren zentzurik sakonenean) eta erdaldunak euskalduntzea».
JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak