Hilberria

Jokin Urain ‘Kixkur’ idazle eta preso ohia hil da

1986an atxilotu zuten ETAko kide izateagatik, eta 25 urte egin zituen kartzelan. Hainbat liburu ditu idatziak.

Jokin Urain, 2015. urtean. GORKA RUBIO / FOKU
Jokin Urain, 2015. urtean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 26a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bart gauean Jokin Urain Larrañaga Kixkur preso ohi eta idazlea hil da Errenterian (Gipuzkoa). 1986. urtean atxilotu zuten ETAko kide izateagatik, eta 2013. urtean irten zen Herrera de la Manchako (Espainia) kartzelatik. Espetxean hasi zen idazten, eta hainbat liburu ditu argitaratuak.

Mendaron (Gipuzkoa) jaio zen 1959an, nekazaritza ikasketak egin zituen, eta behar horretan jardun zen 1983. urtera arte, Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen arte. Hiru urte geroago atxilotu zuten Basaurin (Bizkaia).

Ordutik aurrera Espainiako zenbait espetxetan egon zen preso, azken urteetan Herreran. 2009an, 23 urteko espetxe zigorra bete ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak 197/06 doktrina aplikatu eta zigorra 2016. urtera arte luzatu zion; azkenean, 2013an geratu zen aske, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak doktrina hori bertan behera utzi zuenean.

Kartzelan idatzi zituen bere lehenengo bi nobelak, Izaina (1990) eta Adlotse (1992). Gatibu sortu nintzen (2000) liburuan bere ibilbide pertsonala eta militantea kontatu zituen, eta espetxean idatzi zituen Errotarria (2006) eta Ez dago etxean (2010) ere.

Horietaz gain, Ametsen liburua-ren (2015) koordinatzailea izan zen, eta berak idatzi zituen Amaren Etxea. Euskal preso politikoen senideen historia liburua eta Txomin. Aurrera bolie! Txomin Iturberen biografia ere. Azken urteetan iritzigile aritu da 7K astekarian.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA