Joko digitalak garatu ahal izateko hitzarmena egin dute BERRIAk eta Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiaren Hiztegia erabiliko du egunkariak, eta Berbaxerka eguneratu dute hitzarmena baliatuta. Joko berriak aurkeztuko dituzte aurki.

Eider Goenaga BERRIAko zuzendariordea eta Miriam Urkia Euskaltzaindiko Iker sailburua, gaur, akordioa izenpetzeko ekitaldian. JON URBE / FOKU
Eider Goenaga BERRIAko zuzendariordea eta Miriam Urkia Euskaltzaindiko Iker sailburua, gaur, akordioa izenpetzeko ekitaldian. JON URBE / FOKU
mikel p ansa
2026ko urriaren 26a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

BERRIA egunkariak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute gaur, Donostian, Euskaltzaindiaren hizkuntza baliabideak erabili ahal izateko joko digitalak garatzean. Hitzarmen horri esker, egunkariak Euskaltzaindiaren hiztegi ofiziala erabili ahal izango du online joko digitalak garatzeko. Berbaxerkan aplikatu dute lehenik: gaurtik aurrera, Euskaltzaindiak onartutako eta bere hiztegian jasotako hitzen forma ofizialak soilik onartuko ditu joko digital horrek.

Berbaxerkak Euskaltzaindiaren Hiztegia erabiltzen zuen erreferentzia gisa, baina hiztegian okertzat jotzen ziren forma batzuk ere onartzen zituen. Hori konpondu dute BERRIAk eta Euskaltzaindiak orain, hitzarmenari esker: Berbaxerkan, akademiak ontzat jotako formak soilik erabili ahal izango dira hemendik aurrera. Gainera, Euskaltzaindiak sei hilabetero eguneratzen du hiztegia, eta forma berriak eta aldaketak onartzen ditu, eta, hemendik aurrera, aldaketa horiek berehala agertuko dira Berbaxerkan. Bestalde, jokoa bere webgunean integratu du BERRIAk.

Miriam Urkia Euskaltzaindiko Iker sailburuak adierazi du «egun pozgarria» dela: «Euskara, euskara zuzena, aisialdian naturaltasun osoz erabiltzea gauza ederra da. Gure lana Berbaxerka moduko joko digitaletan eta etorriko direnetan islatuta ikusteak aurrera egiteko indarra ematen digu. Eta, horretan, BERRIAri eman behar dizkiogu eskerrak, elkarlanean aritzeko apustua egiteagatik».

Gaur egun hizkuntza askotan jolas liteke Berbaxerkaren antzeko joko digitaletan, baina euskara aitzindarietako bat izan zen. The New York Times-en ingelesezko joko ezaguna —Spelling Bee— sortu zen aurrena, katalanez jarri zuen Vilawebek gero —Paraulogic deitzen da—, eta ondoren sortu zuten jokoaren euskarazko bertsioa Marc Font informatikariak eta Gorka Salces irakasleak, 2022ko urtarrilean. Handik bi hilabetera, BERRIArekin hitzarmena izenpetu zuten, eta jokoa egunkariaren webgunean kokatu zuten. Geroztik igaro diren lau urte eta erdi horietan hizkuntza askotara zabaldu da jokoa, baita hizkuntza gutxitu askotara ere —asturierazko eta galizierazko bertsioak ere sortu dira, besteak beste—.

Ainara Lasa BERRIA Taldeko Marketin arduradunak garrantzia eman dio lankidetzari, eta baita hark sortuko dituen aukerei ere: «BERRIAk ahalik eta ekosistemarik osoena eskaini nahi die irakurleei, eta, informazioa eskaintzearekin batera, hizkuntzarekin jolas egiteko aukerak ere eman nahi dizkie». Aisialdi digitalean euskaraz aritzeko eta hizkuntzarekin jolasteko aukerak ez baitira ugariak, eta euskaldunek arlo horretan ere aukera gehiago izan ditzaten eta horrek hizkuntzaren normalizazioari lagun diezaion ahaleginduko dira lankidetza hitzarmenaren bidez. «Bestalde, joko digitalen ildoak aukera emango digu irakurleei beste zerbitzu bat emateko, eta horrela atxikimendua indartzeko, eta baita audientzia berrietara heltzeko ere», zehaztu du Lasak.

Berbaxerkan nabarituko da berrikuntza orain, baina lankidetzak aukera emango du joko digital berriak garatzeko, eta datozen hilabeteetan halako online joko gehiago aurkezteko asmoa du BERRIAk. Aplikazio horietako batzuen erantzunak automatikoki sor litezke, eta kasu horietan ere Euskaltzaindiaren Hiztegia erabiliko du egunkariak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA