2024ko ekainaren 28an, orain urtebete, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Jon Casenave hizkuntzalaria. Gaur eman du sarrera hitzaldia, Heletan (Nafarroa Beherea). Itxaro Borda euskaltzainburuordeak eman dio erantzuna. Mintzaldian. Casenavek esan du euskal kultura «zaindu» eta «biziarazi» behar dela, eta autore klasikoen ekarpenari berebiziko artaz erreparatu behar zaiola. «Klasikoak belaunaldien arteko lokarriak dira», gogorarazi du. Eta, alde horretatik, urratsak egitera deitu du: «Euskal klasikotegi iraunkorra eraiki behar dugu, eta iraupen luzeko instituzio bat behar luke eragiletzat». Hain justu ere, gogora ekarri du Euskaltzaindia egokia dela eginkizun hori bere gain hartzeko.
Lan hori garrantzitsua da hutsune handi bat dagoelako, Casenaveren ustez. «Zein izan dira euskal kulturan, aitzineko mendeetan, ukan ditugun harremanak lehengo autoreekin? Erantzuna sinplea da: harremanik ez, kasikan». Aintzatestekotzat badauzka ere besteak beste Yon Etxaidek, Koldo Mitxelenak, Ibon Sarasolak eta Joan Mari Torrealdaik hutsune hori konpontzeko egindako ahaleginak, uste du zeregin handia dagoela oraindik. «Adibidez, frantses klasikoak aurkitzen ahal dira liburu saltoki guztietan erosgai. Euskal literaturan jarraipen hori falta zaigu. Irakaskuntzaren munduan, obra zati batzuk ematen dira irakurtzera, baina obraren testu osoa komunzki ez da irakurtzen, ez baita eskuragai».
Hastapena non jarri behar den esan du, eta nondik segitu behar den gero. «Lehen-lehenik, eskolarako beharrezkoa den euskal klasikoen corpusa aukeratu behar dugu, baina eskolako eta unibertsitateko gazteez gain, irakurleria zabalago bat ere behar genuke kontuan hartu».
Lehuntzen (Lapurdi) jaio zen Jon Casenave, 1957an. Euskal Ikasketetan doktorea da Bordele-Montaigne Unibertsitatean, eta unibertsitate horretako irakasle emeritua. Iker laborategiko kidea ere bada, eta Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n. Dozenaka ikerketa artikulu idatzi ditu, eta liburu andana ere bai. Gaur, hitzaldiaren ondoren, karguaren zina egin du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso.