Jon Etxeberriak esan du PPren eta Voxen programetan ez dagoela autogobernuarekin amaitzeko proposamenik

Alderdi Popularraren Gipuzkoako hautagaiak kritikatu ditu beste alderdiak zabaltzen ari diren beldur mezuak PPren eta Voxen balizko gobernu bat dela eta. PP Gernikako Estatutuaren aldekoa dela esan du, eta agindu du negoziazioak ez dituztela etengo.

Jon Etxeberria PPko hautagaia, gaur, Errenterian. PP
Jon Etxeberria PPko hautagaia, gaur, Errenterian. PP
kristina martin
2026ko azaroaren 20a
12:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jon Etxeberria PPko hautagaiak arbuiatu ditu popularrek eta Vox ultraeskuindarrak osatu dezaketen gobernuari buruz beste alderdiak zabaltzen ari diren beldur mezuak. Popularren Gipuzkoako zerrendaburuak Onda Vasca irratian azaldu duenez, bi alderdi horien programetan ez daude jasota ez zentralizatzeko ez autogobernuaren aurkako proposamenik. Haren hitzetan, Espainian jadanik agintean dauden bi alderdien arteko lau erkidegoetan «ez da egon eskubideen murrizketarik ezta inolako inboluziorik ere».

Horrekin lotuta, EAJri eta PSEri gogorarazi die, 2023an Gipuzkoako Alderdi Popularrak ahalbidetu zuela EH Bilduren gainetik haiek foru gobernua har zezaten, eta haien babesari esker ere lortu zutela Gasteizko udal gobernua. Beldur horiek uxatzeko asmoz, esan du PP Gernikako Estatutuaren aldekoa dela, eta agindu du, gobernura iristen bada, hura betetzeko bi gobernuen arteko elkarrizketak ez direla etengo.

Bestalde, PPk Gipuzkoan Voxi egindako kontzesioa defendatu du —PPk ez du Senaturako zerrendarik aurkeztu eta Voxentzat eskatu du botoa—, haren esanetan, beste alderdiak ari direlako «gehiengo parlamentario bat inposatzen», eta «herritarren borondatea baliogabetzen». Hori bidegabekeria bat dela iritzita, PP «sakrifizio» hori egiteko prest azaldu da «hauteskundeen distortsio» hori zuzentzeko asmoz.

UPNren deia eskuinaren botoa metatzeko

Eserleku gehiago eskuratzeko bi alderdien arteko akordioaren estrategia ere baliatu dute Nafarroan. UPN eta PP batera aurkeztuta, botoa kontzentratzeko deia egin du gaur ere eskuineko koalizioaren hautagai Sergio Sayasek. Adierazi duenez, Nafarroan Senaturako jarleku bat 6.000 botoren dantzan egon daiteke PSNren eta UPN-PP koalizioaren artean. Aipatu gabe ere, Voxera joan daitezkeen botoei erreferentzia egin die. «Botoa banatzen badugu, UPN-PPn ez badugu metatzen, PSOEri errazten diogu eserleku hori».

EAJk Aieten berretsi du demokraziarekiko konpromisoa

EAJk demokraziarekiko eta euskal autogobernua babesteko konpromisoa berretsi du gaur Donostian egindako ekitaldian. Egun eta toki sinbolikoa aukeratu du hori egiteko. Izan ere, Francoren heriotzaren 51. urteurrena baita gaur, eta Aieteko Jauregian egin dute agerraldia, urte askotan Franco diktadorearen udako egoitza izanda, gaur egun bakearen tokia delako. Maribel Vaquero Kongresurako hautagaiak irakurri du «demokraziaren balioak berresteko» adierazpena; Vaquero zenbait alderdikideez lagunduta agertu da, tartean Aitor Esteban alderdiaren zuzendaritzako burua eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia.

EAJko ordezkariak, erdian Maribel Vaquero, Donostiako Aiete jauregian egindako ekitaldian. EAJ
EAJko ordezkariak, erdian Maribel Vaquero, Donostiako Aiete jauregian egindako ekitaldian. EAJ

Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria ekarri du gogora, eta haren gobernuak diktaduraren aurka egindako erresistentzia goraipatu du. Nabarmendu duenez, «botoa da demokraziaren konkistaren handienetakoa», eta berretsi du EAJk Espainiako Kongresuan eta Senatuan herritarren ahotsa errespetatuko duela. Horrekin lotuta, jeltzaleek bere egin dituzten bost konpromiso azaldu ditu: lehenengoa memoria errespetatzea da, eta «frankismoaren errepresioaren biktimak eta terrorismoaren biktimak» izan ditu gogoan. Horrekin batera, «autoritarismoari kontzesiorik» ez dizkiotela egingo ziurtatu du.

Beste konpromiso bat da giza eskubideak eta sozialak defendatzekoa. Eta horrekin lotuta, autogobernuari buruzko konpromisoa azpimarratu du. Vaquerok adierazi duenez, EAJk Espainian «euskal identitatea, euskara, kultura eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea» defendatuko ditu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA